EH Bilduk 'Merkataritza Txikia Revolution' kanpaina abiatu du
Pasa den astean Garberako merkataritza guneko inaugurazioa egin zen, eta enpresak ‘Garbera Revolution’ izeneko publizitate-kanpaina jarri du martxan. Udal Gobernuak Belartza II merkataritza zentro berriaren tramitazioarekin jarraitzen du, eta “Donostiako merkataritza txikiaren lehiakideak gero eta ugariagoak direla” azaldu du EH Bilduk ohar bidez. “Udal gobernuaren babes osoarekin, auzoetan gero eta denda gehiago ixten ari direla”, gaineratu du.
“Multinazional banatzaile handiak irabaziak biderkatzen ari dira; eta auzoetako dendak ixten”. Horregatik, merkataritza txikiak hirian duen garrantzia nabarmentzea beharrezkotzat ikusten du alderdiak. Batetik, merkataritza txikiaren erosotasuna eta hurbiltasuna nabarmendu dituzte, besteak beste. Bestetik, banatzaile globalizatu handiek baino askoz gutxiago kutsatzen dutela azaldu dute, eta Garbera eta Belartza II-n gehiengoak auto pribatuak erabiliko dituela gogorarazi dute.
Azkenik, “etorkizuna tokikotasuna dela” aldarrikatu dute: “bizi-kalitate duin batek komunitate sendo batean oinarrituta egon behar du beti, hau da, lurraldean eta gizartean errotutako egitura ekonomiko batean”. Pandemiaren erdian, tokikotasunaren aldeko apustua aukera bat baino, premia bihurtu dela uste du EH Bilduk.
Horregatik guztiagatik, agintariei eta gizarteari “merkataritza txikiaren aldeko erabakiak hartzeko garaia iritsi” dela esateko kanpaina abiatu du. Horrekin, denda txikiak duen garrantziaz ohartarazi nahi dute.