Elurteei eta izozteei aurre egiteko plana prestatu du udalak
Donostiako Udalak Elurteei zein Izozteei aurre egiteko udal ekintza plana prestatu du: neguko denboraldiko 2021-2022 Elurrak Plana.
Gaur jarri da plana martxan, eta lehenetsi beharreko gune eta bideak zehaztea eta udal baliabideak aktibatzeko eta koordinatzeko prozedurak zehaztea du helburu. Elurteek eta tenperatura baxuek hirian izan ditzaketen arriskuak, eta horiek behar duten herri babesa osatzen duten zerbitzuen ezohiko erantzunak hartzen ditu kontuan. Negua dela eta, sor daitezkeen larrialdiei erantzun egokia ematea bilatzen du.
Plana Hiri-Segurtasuneko eta Herri-Babeseko zinegotziak zuzentzen du, eta jarraipen mahai batek aholkuak ematen dizkio. Mahai tekniko hori, besteak beste, ondorengo udal zerbitzuek osatzen dute: Udaltzaingoa, Mugikortasuna, Babes Zibila, Suhiltzaileak, Gizarte Zerbitzuak, Mantentze lanak. Lan talde horrek Donostiako Suhiltzaileen parkeko Krisi Gelan lan egingo luke, baldin eta plana aktibatuko balitz.
Plana 2021eko abenduaren 1etik 2022ko martxoaren 31 arte izango da indarrean, baina urtaro honetatik kanpo meteorologia baldintzek hala eskatuko balute, aktibatuko litzatekeela azaldu du udalak. Sor daitezkeen egoerei aurre egiteko 59 ibilgailu eta tresna sorta prestatu dituzte departamentuek: lau kamioi, hiru pick up, zazpi ibilgailu garbitzaile, eta eskuz garbitzeko 45 pala. Donostiako Udalak, halaber, 60 tona gatza ditu prest ondorengo tokietan: Suhiltzaileen siloan 28 tona eta Igarako Parke Mugikorrean 32 tona.