Ikerlur enpresa AHTarentzako legez kanpoko zundaketak egiten ari dela salatu dute Zuatzun
Martutene, Astigarraga, Orereta, Oiartzun eta Lezoko hainbat bizilagun Zuatzu enpresa parkean elkartu dira Donostiako Ikerlur enpresa AHTaren ibilbidean legez kanpoko zundaketa lanak egiten ari dela salatzeko. Egoitzaren aurrean bildu eta AHTaren zein enpresaren aurkako mezuak jarri dituzte.
Astigarra eta Lezo arteko AHTaren ibilbidean hasitako lanengatik kaltetutako udalek, zein hainbat elkarte eta norbanakok, alegazioak aurkeztu zituzten udan. Alegazioen ebazpenaren zain zeuden bitartean, enpresa hainbat lekutan zundaketak egiten ari zela adierazi dute. Gainera, zundaketa lanak nahitaezko lizentziarik gabe egiten ari direla egiaztatu dute ahal izan dute. Hala, lanak ilegalak direla eta “Ikerlur enpresak lan hauek kontzienteki legez kanpo egitea onartezina” dela salatu dute.
Kaltetutako udalek, legez kanpoko lanen berri izan zutenean geldiarazteko agindua eman zieten. Enpresak, ordea, gelditze agindua jaso ondoren berriz ere lanak martxan jarri zituzten Oiartzunen. Udalak bigarren aldiz lanak bertan behera uzteko agindu zuen, eta azaroan, Ikerlurrek berriz ekin zien lanei. Gainerako herrietan antzeko gertaerak izan direla azaldu dute.
Enpresak “kasu askotan ez du informazio zuzenik eman, zundaketen helburua eta lizentzia falta ezkatu” dituela salatu dute. Hala, gaurko ekintzaren bitartez “Ikerlur enpresa gure herrietatik kanporatzeko exijitu” eta “AHTaren proiektu berri hau behin betirako gelditzeko eta baztertzeko” eskatu dute.