Karlos I.aren hiribideko radarrak 2.875 isun tramitatu ditu martxan jarri zenetik
Otsailean jarri zuten Amara Berriko Karlos I.aren hiribideko radarra. Ordutik tramitatu diren isunen berri eman du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak, Elkarrekin Podemosek egindako eskaerari erantzunez. Orduko 50 kilometroko abiadura muga du radarrak, eta 2.875 isun tramitatu dituzte abiadura muga hori gainditzeagatik –batez beste orduko 65 kilometro–.
Horrez gain, radarrak etorbidetik igarotzen diren ibilgailuen abiadura neurtu du. Batez bestekoa orduko 37 kilometrokoa da. 46.384 ibilgailu erabili dituzte datu hori lortzeko.
Esan bezala, datuak Elkarrekin Podemosek eskatuta plazaratu ditu Jaurlaritzak. Donostiako udal taldeak ere gauza bera eskatu zion duela urtebete udal gobernuari, baina orain arte ez dute erantzunik jaso.