Euskal Herrian inoiz ikusitako atalar talderik handiena ikusi dute Antondegin
Itsas Enara Ornitologia Elkarteko kideek hegazti ikuskapen historiko bat egin zuten asteartean, azaroaren 30ean, Martuteneko Antondegi eremuan: 160 aleko atalar talde bat ikusi zuten, eBird eta Ornitho plataforma ornitologikoen datuen arabera, Euskal Herrian inoiz ikusitako atalar talderik handiena. “Galzorian dagoen hegazti gisa katalogatuta dago Europako nahiz Euskal Autonomia Erkidegoko zerrendetan. Espezie honek Antondegi ohiko atseden leku badu ere bere bidaietan, azaroaren 30ean bildutako taldearen tamaina zeharo ezohikoa izan zen”, azaldu dute Itsas Enarakoek. “Orain arte ikusitako saldorik handiena Txingudin ikusi zuten 2002. urtean, eta 77 alekoa zen. Nafarroan, berriz, 134 aleko saldo bat ikusi zen Cadreitan, 1999. urtean”, gaineratu dute adituek.
Era berean, eremuaren balioa goraipatu dute: “Errekorreko kopuru honek Antondegiren balio ekologikoa berretsi besterik ez du egiten, eta agerian uzten du Donostiako Udalak muino hau hirigintza proiektuetatik babesteko beharra, hala nola haren kaskoan olatu artifizialak egiteko instalaziotik”. Horrez gain, gogorarazi dute orain arte 117 hegazti espezie ugari behatu dituztela Antondegiko eremua erabiltzen, horietako 90 babestutakoak. Hain zuzen, hedabide honek Antondegiko balioaren eta handik dabiltzan hegaztien inguruko erreportaje zabala argitaratu du berriki.