"Erraustegiak legez kanpo funtzionatzen zuen probetan, lanak bukatu gabe eta segurtasun mekanismoak martxan jarri gabe"
GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez, hogei ikerketa eginbide eskatu dizkio Donostiako Instrukzioko 5. Epaitegiari. Guardia Zibilak Arkaitzerrekako isurketaren inguruan egindako txostena oinarritzat hartu dute ikerketa ildoak zabaltzeko eta sakontzeko.
“Instalazioetan probak egiten aritu dira, amaitu gabe egon arren, eta proiektuan diseinatu eta aurreikusitako segurtasun-sistemarik gabe IBIk eskatzen zuen bezala. Horrek arrisku gehigarri bat sortuko luke errekara edo airera isurtzeko, eta, horren ondorioz, poluitzaileak sakabanatu egingo lirateke ingurumenera”, adierazi du txosten batean Guardia Zibilaren Ingurumen Unitateak, 2020ko maiatzean izandako isuri toxikoaren harira.
Hori dela eta, GuraSOSek ikertutako pertsonak ugaritzea proposatu du. Horien artean daude GHK, Ekondakin eta Ekobal enpresako sei tekniko eta arduradun. Ikertutako gertakarietan GHKk izango lukeen “erantzukizuna” zehaztuko lukeen dokumentazioa aurkeztu dute: “Bertan behera utziko du beraiek esandakoa. Alegia, ez zutela isuri toxikoa ahalbidetu zuen amoniako instalazioaren aldaketaren berririk izan”.
Horrez gain, hildako aingira baten azterketan aurkitutako “osagai oso toxikoei” arreta berezia jarri behar zaiola dio GuraSOSek, “bere jatorria ikertuz eta beharrezkoa bada kautelazko neurriak hartuz”.