"120 jarduera baino gehiago antolatu dira"
Euskara sustatzeko hainbat kanpaina abian ditu Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzuak, eta Euskararen Eguna antolatzeko joan den urtean baino baldintza hobeak daudela dio Jon Insaustik (Parte Zaharra, 1989). Pandemiak euskarari kalte egin diola uste du.

Euskararen Eguna aurten ere ezingo da erabateko normaltasunarekin ospatu, baina egoera iazkoa baino hobea da. Pandemiak nola eragin dio euskarari?
Bai, azken datuek berriz ere kutsatu kopurua gorantz doala erakusten diguten arren, egoera duela urtebete baino hobea da. Eta edozein gauza antolatzeko ere, baldintzak hobeak dira.
Esango nuke pandemiak modu negatiboan eragin diola euskarari. Etxean edo oso esparru mugatu eta itxietan ibili gara, eta horrek euskararen erabilerari aukerak murriztu dizkio. Esate baterako, haur eta gazte askok ez daukate familian euskaraz aritzeko aukerarik. Eta etxeratuta egon ginen denbora horretan guztian izugarri murriztu zitzaizkien hauei euskaraz hitz egiteko aukerak. Oro har kultur jarduerekin gertatu den bezalaxe, euskararen inguruko jarduera asko bertan behera geratu dira, eta, hori ere, noski, erabileraren kalterako izan da.
Zein da aurtengo Euskararen Eguneko erronka? Eta zeintzuk aurrera hartu beharrekoak?
Euskararen Egunera begira, hiru norabidetan jarri ditugu indarrak. Alde batetik, kirolaren esparruak euskararen erabileran duen garrantzia nabarmentzea izango da helburuetako bat. Bestetik, Eusko Jaurlaritzarekin batera, Betikoa, Gertukoa kanpaina jarri da abian, konfiantza eta hurbiltasuna hain garrantzitsua den sektore honetan euskarak ematen dion balio erantsia azpimarratuz. Azkenik, euskararen erabileran helduok haurren aurrean dugun eredugarritasuna landu nahi izan da Haurren aurrean, helduok heldu dinamikarekin.
Hirian eta auzoz auzo, ekitaldi gehiago egin ahal izango dira?
Bai, oraindik ez gara 2019ko eta aurreko urteetako jarduera kopuruetara iritsiko, baina 120 jarduera baino gehiago antolatu dira hamabost auzotan.
Zeintzuk iruditzen zaizkizu auzoetako egitasmo esanguratsuenak?
Kultur eta aisialdi eskaintza zabala izango da. Batzuk nabarmentzekotan, Andoni Ollokiegiren kontzertua Ibaetan; San Telmo Museoko Euskal sustraiko jende izenak erromatar epigrafian. Soriako Tierras Altasko hilarriak erakusketaren harira antolatuko diren hitzaldiak; Intxaurrondon, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Kuikui ikuskizuna edo Antiguan, Martutenen, Loiolan eta Parte Zaharrean egingo diren bertso saioak, besteak beste.
Donostiako Udalak hiriko kirol klubekin lantzen ari den KEES metodologia nabarmendu du. Zein da bere helburua?
Bai, une honetan KEES metodologia lantzen ari diren Donostiako kirol klubei eskaini nahi diegu egun horretako ekitaldi nagusia. Metodologia honekin entrenatzaileen jardunean eraginez, haur eta gazteengana iristea da helburua. Kirol entrenamenduetako hizkuntza euskara izatea lortu nahi da, alde batetik. Hau da, haur eta gaztetxo gehienek entrenamendu saioetan, eskolan bezala, euskaraz egin dezaten lortu nahi da eta. Bestetik, entrenatzaileak ahalduntzea, hau da, euskararen biziberritzean duten garrantziaz jabetzea.
Hiriko zenbat kirol klubek egin dute bat metodologiarekin?
Ikasturte honetarako, hogei klubek egin dute bat egitasmoarekin, iazko ikasturtean baino bost klub gehiagok. Eta 2.003 haur eta gazte arituko dira 156 entrenatzailerekin euskaraz entrenatzen KEES metodologiarekin. Harrera oso ona izaten ari da, eta metodologia honek duen balioetako bat da klub horietako bakoitzaren eta parte hartzen duten entrenatzaileen inplikazio aktiboa behar dela. Hori oso garrantzitsua da.
Orain arte egindako lanketaren zein balorazio egiten duzu?
Orain arteko balorazioa oso positiboa da. Entrenamendu hauetan egiten ditugun neurketetan, euskararen erabilera emaitzak, esate baterako, kale erabileraren neurketetan adin bereko haur eta gazteen erabilera emaitzak baino askoz hobeak dira. Noski, hor badago arrazoi bat: entrenatzailea tartean dela eta euskaraz egiten diela. Eta horrekin argi ikusten da esku hartze eremuak edo erreferente bat dagoen eremuak ezinbestekoak direla.
Beste hainbat kanpaina ere nabarmenduko dituzue. Horietako bat da ‘Haurren aurrean, helduok heldu’ ariketa soziala. Haurrentzat erreferente diren helduen artean euskararen erabilera bultzatzea du helburu. Donostian zer nolako harrera eta jarraipena izan du?
Oso harrera ona izan du, eta beharra sumatu da. Donostian hogei bat ikastetxek hartuko dute parte, eta horietako zazpik behintzat auzoko euskara batzordearekin batera antolatu dute ariketa. Ikastetxe hauek guraso elkarteekin landu dute gaia, eta, kasu gehienetan, beren eskoletako familia guztiei ariketan parte hartzeko gonbita helarazi diete.
Haurren erreferente asko ez dira euskaldunak. Nola egin aurre horri?
Mundu globalizatu honetan ariketa zaila da hau. Erreferente euskaldunak izateko gizarteko eragile guztiek dugu zer egin: erakunde publikoek ahal den guztia euskaraz programatuz, telebista publikoek kalitatezko programa erakargarriak eginaz, guraso eta familiek haurrak euskarazko kultur eta aisialdi erreferenteetara hurbilduz, eta abar.
Euskararen erabilerari dagokionez, udalak denbora darama merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzen. Fruituak izan ditu?
Bai, udalak urteak daramatza euskaraz zerbitzua eskain dezaketen establezimenduak identifikatzen eta bezeroari lehen hitza euskaraz egin diezaieten eskatzen. Urte hauetan, zerbitzua euskaraz eskaini zezaketen mila establezimendu inguru identifikatzen joan gara. Aurten egiten ari garen bisitekin harago joan nahi dugu, eta Euskara Zerbitzuak eskaintzen dien zerbitzu eskaintza zabalaren berri ematen diegu; hau baliatuz, beren establezimenduetan euskararen erabilera indartu dezaten. Beren behar eta gabezia nagusiak ere identifikatzen ari gara bisita hauen bitartez.
Betikoa, Gertukoa kanpaina, berriz, konfiantzan eta hurbiltasunen oinarritutako kanpaina da. Kontsumitzaileak animatu nahi dira erosketa unean euskara erabiltzera. Eta, aldi berean, establezimenduetako jabeak gonbidatu nahi dira euskaraz gerturatzen zaion herritarrari euskaraz keinu egitera.
Hiriko tokiko merkataritza eta ostalaritza euskaldunagoa da egun?
Merkataritza establezimenduetan gero eta gazte gehiago ari da lanean, eta, gaur egun, Donostian ulermena behintzat altua dela esango nuke. Gainera, Euskara Zerbitzuak sektorearentzat sustatzen dituen ikastaroetan 131 merkatarik parte hartu dute aurten. Ostalaritzan, berriz, nire irudipena da Donostiara bizitzera etorri berri den jende asko ari dela lanean, eta euskararen ezagutza baxuagoa dela. Langile hauentzako, Erraza da egitasmoa jarri genuen abian duela bi urte, eta une honetan, app bat osatzen ari gara Jaurlaritzarekin batera, pertsona hauek euskararen oinarri-oinarrizko ezagutza izan dezaten.
Gainerako sektore pribatuetan euskararen erabilera sustatzeko zein egitasmo ditu udalak?
Zerbitzuen sektoreak Donostiako sektore ekonomiko handienetakoa osatzen du, eta udalak merkataritza eta ostalaritzan dauzka jarriak indarrak, nagusiki. Gainerako enpresa pribatuetarako, Eusko Jaurlaritzak baditu diru laguntza lerroak euskara planak abian jartzeko, eta bide horretara zuzentzen ditugu normalean horrelakoak. Badaude beste sektore batzuk, adinekoen zaintza esate baterako, lanpostu ugari sortzen dituena, eta euskara ezagutzen ez duten etorri berriekin osatuta dagoena. Kultur aniztasunaren gaia sakonean lantzen ari garenez, zaintzaren sektoreari ere arreta berezia jarri nahi diogu.
Kalean eta establezimenduetan euskara gehiago entzuten duzu orain?
Bai, nire ustez bai. Auzoaren eta egunen araberakoa ere bada hori, baina, oro har, baietz esango nuke.
Donostiako euskararen kale erabileraren datu berriak noizko aurreikusten dira?
Datorren urtearen bigarren sei hilekorako.
Pandemiaren ondorioetara itzuliz, elkartzeko zailtasunak izan ditugu ia bi urtez, eta elkartzeak ez dira nahi bezala normalizatu. Horrek euskaraz komunikatzeko oztopoak sortu ditu?
Pandemiaren eraginez sortu diren oztopoak eta zailtasunak maila guztietan eman dira eta ematen ari dira. Euskaraz komunikatzeko garaian ere, ziurrenik bai. Eta lehen aipatu dudan arrazoi bera aipatuko dut: etxean edo ingurune mugatuetan ibili gara eta gaur egun oraindik jende askok bere eremu pribatuan ez du euskaraz aritzeko aukerarik. Eta hori iruditzen zait izan dela euskarak izan duen oztopo handiena: erabili ahal izateko eremuak murriztu egin direla askorentzat.
Internet bidezko komunikazioak, telelana eta bestelakoak ugaritu direnean, euskarak zein leku hartu du horietan zure ustez?
Lanarekin lotutako harreman eta komunikazio hauek, pentsatu nahi dut, lehen aurrez aurre egiten ziren hizkuntza berean egin direla. Hau da, euskaraz ziren harremanak euskaraz izaten jarraitu dutela. Beste kontu bat da, lehen aipatu dudan moduan, hainbeste denbora etxean eta eremu pribatuan egon izanak askorengan euskaraz aritzeko aukerak murriztuko zituela.
2020ko martxotik denbora gehiago eman dugu etxean. Eskura ditugun ikus-entzunezkoen gehiengoa ez dela euskalduna jakinda, horrek euskarari kalte egin diola iruditzen zaizu?
Mehatxuak baino, aukerak ikusi behar ditugu. Horren adibide da Pilula Gorriaren moduko egitasmo berria Twitch euskarrian. Gizarteak, eta zehazki gazteek, euskarri horietan denbora kontsumitzen badute, sortu dezagun edukia euskaraz. Adierazi dezagun geure hizkuntzak baduela lekua horrelako gizarte sareetan ere.
2022an egingo dira Korrika eta Euskaraldia. Datorren urteko Euskararen Eguna ere izango al da normaltasun osoarekin ospatu ahal izango duguna?
Bai, datorren urtean oso gureak sentitzen ditugun bi ekitaldi erraldoi izango ditugu Donostian: Korrikaren amaiera udaberrian eta Euskaraldia udazken-neguan. Euskararen Egunak Euskaraldiaren amaierarekin bat egingo du gutxi gorabehera, eta normaltasun osoarekin ospatu ahal izatea espero dut.