"Badira galdu diren toponimo polit asko"
Egiaren 1954. urteko ortoargazki batekin egin zuen topo Juanpe Urrosolok (Egia, 1960), eta hainbat toki indentifikatzen hasi zen. 180 lekutik gora izendatu zituen, eta hortik abiatuta, leku horien historia eta argazkiak biltzen dituen liburu bat egin du Gordegiarekin batera. Horrez gain, auzoaren mugei, bideei eta izendegiari buruz ere mintzo da ‘Txurrutala’-n.
Zergatik ‘Txurrutala’?
Atotxa toponimo bat da, eta lehen Txurrutala deitzen zitzaion inguru horri. Historian zehar hainbat izen izan ditu. XVII. mendean frantziskotarrek lehen komentua jarri zuten bertan, eta San Francisco pasealekua deitzen zitzaion garai horretan. Ondoren, XIX. mendean, Atotxa toponimoa gailendu zen, baina horren aurretik Txurrutala deitzen zitzaion Atotxa eta Zuhaizti inguruari.
Txurrutala izena gaskoitik omen dator, eta uraren murmurioa esan nahi du. Pentsatzen dut ere gure txorrota, txurruta eta txorro hitzekin harremana duela. Dirudienez, inguru horretan lau iturri zeuden lehen, eta harresiaren barruan bizi ziren donostiarrek ez zituztenez ur iturri asko, harresitik kanpoko iturrietara joaten ziren ur bila. Atotxakoa desagertu zenean, adibidez, Txofrekoa erabiltzen hasi ziren.
Nolakoa zen Atotxa ingurua garai horretan?
Oso desberdina zen. Auzoa Egia kalearen beheko aldean amaitzen zen, eta gaur egungo Mandasko Dukea kalean, mendiaren kontrako aldean zeuden eraikinak soilik. Beste aldean, egun Atotxako dorrea eta Irutxulo plaza dauden inguruan, padura eta hondartza handi bat zeuden, Mundaiztik Groseraino.
Zer dela eta hasi zinen liburu hau idazten?
Auzoko historia zaharrekin kuriositatea nuen, eta egun batean airetik egindako 1954. urteko argazki batekin egin nuen topo. Argazkian tokiak identifikatzen hasi nintzen, eta dena apuntez bete nuen.
Hortik abiatuta, mapa interaktibo bat egiten hasi nintzen, eta Gordegiaren webgunean publikatu genuen. 180 leku inguru identifikatu nituen, eta gero errekak, mugak eta bideak ere jarri genituen mapan. Lan hori amaitzean, konturatu nintzen datu mordoa zegoela, eta paperera eramatea pentsatu nuen.
Zailtasun asko izan al dituzu informazioa eta argazkiak topatzeko?
Artxiboetan gutxi aritu naiz. Interneten ibili naiz, batez ere. Toki batzuei buruz ikaragarrizko informazio kopurua dago, eta beste batzuei buruz ezer ere ez. Pentsatzen dut leku askotan gertatuko dela hori.
Egiaren kasuan, auzoaren beheko partea da informazio gehien dagoen ingurua, futbol zelaia, zezen plaza, frontoia, ospitale militarra eta fabrikak egon zirelako. Goiko aldean hilerria dagoenez, inguru horretako argazki asko ere badaude, baina auzoaren gainontzeko inguruetako argazki oso gutxi daude.
Argazkiak egitea oso garestia zen lehen, eta jendeak ez zituen tontamentean egiten. Zerbait garrantzitsua gertatzen zenean egiten ziren, eta gainera jendeak ez zuen ohitura etxeei argazkiak egiteko; eroen kontua zen.
Auzoaren mugen inguruan mintzo zara. Noraino iristen zen lehen Egia?
Auzoen mugen kontua nahiko bitxia da. Egiaren inguruko auzo guztiak gure kontura hazi ziren. Orain trenbideek eta errepideek mugatzen dute, baina garai zaharretan muga naturalak ziren.
Loiolarekin ibaia zen muga, baina kuartelarekin batera zubia eraiki zutenez, errekaren bi aldeak elkartu ziren, eta bereganatu egin zuen Loiolak. Intxaurrondon auzo handi bat egin zuten hor goian, eta tartean errepide bat jarri ziguten. Parte hori Intxaurrondorentzat geratu da, baina Txara inguruan bizi zen jendea Egiakoa zen.
Gros ez zen existitzen, eta gero trenbidea jarri zuten. Amara Berrin, ibaia desbideratu egin zuten, eta Egiari lurra kendu zioten. Gaur egungo Pio XII.aren plazan eta Antso Jakitunaren hiribidean zeuden baserriak Egiakoak ziren.
Eta zeintzuk ziren bide nagusiak?
XIX. mendean bi zubi zeuden Donostian: Loiolakoa eta Santa Katalina. Ekialdetik Donostiara sartzeko Santa Katalina zubia zeharkatu behar zen, eta bidegurutze garrantzitsua zen. Hiru bide nagusi elkartzen ziren: Hernaniko bidea, egun Egia kaletik igarotzen dena; Altzako bidea, egungo Aldakonea kalea; eta Pasaiako bidea, egungo Egiako galtzada.
Auzo barruko bideak ere bazeuden, Konkorrenea eta Aldapa kaleak, adibidez, eta Egiako parkean ere bazeuden Atotxara eta Alkoleara joateko bideak. Izan ere, Egiako parkea izan aurretik, inguru hori guztia auzoko beste parte bat zen, baserriekin eta bideekin.
Kale izendegiari helduz, zorakeriak egin direla diozu. Adibiderik?
Badaude izen jatorrak dituzten kaleak: Aldapa, Konkorrenea eta Aldakonea, adibidez. Baina beste kale askotan ez da hori errespetatu. Nazioartean badaude toponimoak errespetatzeko gomendio batzuk, baina errespetatzen ez direnean, auzoarekin lotura ez duen jendearen izena ematen zaie kale batzuei. Ama Teresa Kalkutakoak ez dakit zer nolako lotura zuen Egiarekin.
Frankismo garaiko aztarna batzuk ere geratzen dira, Karmengo Andre Maria kalea, esaterako. Kale hori hilerria egin zutenean egin zuten, eta 100 bat urtez Subida al Cementerio edo Polloeko bidea izan zen. Ama Birjin horrek ez du inoiz inolako loturarik izan auzoarekin; kristauentzat ere ez da hemen errotuta dagoen Ama Birjina. San Kristobal kalea horrela izendatu zuten taxistak bertan geratzen zirelako, eta hori delako haien patroia.
Badira galdu diren toponimo polit asko, nik lan hau egiten deskubritu ditudanak.
Gai honekin lotuta, zeintzuk dira ondarea babesten laguntzen duten izenak? Aldapa…?
Mandasko Dukeak, adibidez, izen asko izan ditu: San Frantzisko pasealekua, Atotxa pasealekua, eta Txurrutala lehenago.
Hala ere, kale askok jarraitzen dute izen zaharra mantentzen: Aldakoneak, Konkorreneak, Aldapak eta Egia kaleak, adibidez, baina, gaur egun, egiten duten guztiari jende izena jartzen diote.