'Denbora ez da gelditzen', Big Bob Railroad taldearen hurrengo lanaren aurrerapena
Big Bob Railroad blues bikote donostiarrak abesti berri bat argitaratu du: Denbora ez da gelditzen. Bikotea bere lan berria prestatzen dabil, eta aipatu kanta aurrerapen singlea da. “Soinu zingiratsuetan murgildu zaigu Big Bob hartza honako honetan!”, nabarmendu dute, abestiak Louisianako (AEB) zingira inguruetan egiten den bluesa gogorarazten baitu. Sare sozialetan azaldu dutenez lau abestiko EP bat izango da euren hurrengo lan hori.
Aitor Ibarguren gitarra eta perkusio jotzaileak eta Josu Etxeberria perkusio jotzaile eta abeslariak 2016an sortutako taldea da Big Bob Railroad, eta Mississippi ibaiko (AEB) deltako blues estiloa jotzen du bikoteak, euskarazko euren ukitu propioa emanez. 2018an argitaratu zuten euren lehenengo diskoa, Session I, eta 2019an bigarrena, Session II.