Gure arteko zaintzan, hizkuntza ere badago
Bagera elkarteak Donostian euskaraz bizi ahal izatea eta euskarari bizitza ematea ditu jomuga. Euskararen Egunaren harira, hiriaren egoera aztertu dugu elkartearekin. Azken garaian, elkarrekin egoteko espazioak galtzerakoan, hizkuntzak berak bere bizitasuna galdu duela diote : "Mugimendua berpiztu beharra dago".
Elkarteak bere jarduna moldatu behar izan du azken urtean, pandemiak eragindako testuingurua dela eta. «Ziurgabetasun egoerak» eragin handia izan duela azaldu dute kideek. Hala ere, aurtengo jarduna «normalagoa» izan da, oztopo eta zailtasunak izan dituzten arren.
Pandemia egoerara egokitu behar izan dira. Esaterako, Bikografiak solasaldiak aurrez aurre eta ikusleekin egin beharrean, elkarrizketak Youtubeko kanalean zintzilikatzen dituzte. Egoerak lan egiteko aukera berriak eskaini badizkie ere, asmoa aurrez aurrekora itzultzea da: “Guretzako garrantzitsua da”.
Elkartearen ustez, pandemia garaian euskara bigarren maila batean geratu da: “Kaleetan gaztelerazko oharrak gailendu dira, baita agerraldietan ere». Bestalde, lehenagotik zeuden arazo eta beharrak agerian utzi dituela nabarmendu dute. «Haur eta gazte askok euskararekin harremana eskolan besterik ez dute. Hori eteteak atzerakada handia suposatzen die ikasle horiei”. “Harreman hori ez da nahikoa eta errefortzuak behar dira, gazte horiei zerbait gehiago eskaini behar zaie”.
Gazteengana hurbildu eta euskararen erabilera sustatzeko asmoz, bideo tutorial lehiaketa antolatu dute. Orain ari dira egitasmoarekin lanean, eta “itxura ona” duela uste dute. “Gai irekia denez, gazteen interesak ezagutzeko balioko digu”.
Bestalde, testuinguru honetan zaintzaren garrantzia mahaigaineratu da: “Zein garrantzitsuak diren elkarren arteko harremanak eta gure artean zaintzea. Zaintza horretan hizkuntza ere badago”. Elkarteak azaltzen duen moduan, elkarren arteko harremana eta harremantzeko aukerak galtzen direnean, hizkuntza kaltetua irteten da. Hizkuntza komunikatzeko tresna da eta hala, bizitasuna galtzen du.
Parte hartzeko ilusioz
Jendea elkartzeko eta aurrez aurre egoteko gogoz nabaritu dute. Mintzalaguna egitasmoa, esaterako, aurrez aurreko formatuarekin antolatu dute. Pandemia aurreko datuetara iritsi ez badira ere, jende ugari gerturatu zaie. Hala ere, talde txikiak egiten ahalegindu dira.
Auzoko egitasmoaren kasuan, jatorri askotako eta euskararekin harremanik ez duen jendeak hartzen du parte. “Haientzat bertako hizkuntza eta kultura ezagutzeko aukera bat da”. Pandemia egoeran, profil horretako jendea egoera zaurgarrian dago, eta askorentzat lehentasuna lana topatzea dela azaldu dute Bagerako kideek: “askotan hizkuntza bigarren plano batean geratzen zaie”. Hala, talde ezegonkorrak izaten dira, joan-etorrian ibiltzen baitira.
Auzoko programak lehen pausua ematen laguntzen die, baina euskara ikasteko euskaltegira joan beharra dute. Elkarteko kideen hitzetan, askoren baldintzak ez dira errazak eta kosta egiten zaie salto hori ematea. “Gainera, horretarako erraztasunak eman behar zaizkie, euskara ikastea doakoa izan behar da eta horretarako laguntzak hobetu behar dira”.
Euskaltzaletasuna Donostian
“Gure ustez, Donostian baldintza onak ditugu”. Euskaltzale ugari dago, baina zeozer falta dela uste dute. Gure artean gehiago elkartu eta zer bide markatu behar den ikustea. “Donostian eraginkorragoak izateko zer egin behar dugun eta zer behar dauden konpartitzeko saretu eta antolatu behar gara. Elkarrekin egon eta hitz egitea ezinbestekoa da, izan ere, bakoitza bere aldetik joanda zailagoa da eragitea”. Kideen iritziz, indarra badago, baina mugimendua indartzea falta da.
Duela bi urte, 2019an, Donostiako euskararen aldeko mugimendua saretzeko eta erronka bateratuak sortzeko beharra ikusi zuen Bagerak. 50 bat euskaltzale donostiar elkartu ziren, eta bi urtean behin topaketak egitea erabaki zen.
“Euskaltzaleen topaketen deialdia egiten dugunean, kosta egiten zaio jendeari bere burua gonbidatutzat ikustea”, diote kideek. Topaketak denentzako dira, eta horretan lan handia dagoela uste dute: “Guk geure burua euskaltzaletzat hartu eta gure konpromisoa horretan jartzea falta zaigu”.
“Egiten dugun hori eraginkorragoa izateko moduak bilatu behar ditugu. Zer egin egin dezake euskaltzale batek? Askotan ez dakigu zertarako aktibatu behar garen, horregatik da garrantzitsua gure artean elkartzea eta galdera horiei erantzutea”.
Indar falta horren atzean zer dagoen jakitea zaila da, sakona baita gaia. Hala ere, arrazoi posible bat azaldu dute: hiritarrek ez dute hizkuntzaren gatazka eta zapalkuntza antzematen. “Zapalkuntza hain agerikoa sentitzen ez bada, ez zaio behar besteko garrantzia ematen”. Feminismoaren edo ekologismoaren kasuan, indar handiko mugimenduak dira. “Behar bada, ageriagoan geratu dira zapalkuntza horiek, eta agian, hizkuntzarena ez da hainbeste ikusten”. Kideentzat, berriz, oinarrizkoa da hizkuntza, “gure identitatearen parte baita”.
Datuei dagokionez, orain ari dira neurketak egiten kale erabileraren datuak lortzeko. Elkarteak, azken datuak ikusita, ez du hobekuntzarik espero. Orain arteko datuek beherakada txikia erakutsi dute. Horrez gain, kale neurketak zein baldintzatan egin diren kontuan hartu beharra dagoela nabarmendu dute. Izan ere, pandemiak kaleko baldintzak aldatu ditu. Urte askoan, euskalgintzaren erronka euskararen jakintza sustatzea zen. Gaur egun, ordea, erabilera sustatzea dela argi du elkarteak.
2022ra begira
Datorren urteko Bageraren erronka nagusia euskaltzaleak elkartzen eta aktibatzen asmatzea da, baita erabileran eragiten jarraitzea eta euskarari espazio berriak eskaintzea ere. Korrika eta Euskaraldia egingo dira 2022an, eta hori guztia baliatu nahi dute euskalgintzaren mugimendua berpizteko.