"Liderraren rola izatea ez da erraza"
Txuri Urdineko nesken taldeak inoiz baino hobeto hasi du aurten liga: jokatu dituzten partida guztiak, bederatzi, irabazi dituzte. Liga erregularra otsailean amaituko dute, eta hilabete berean hasiko dute liga irabazteko kanporaketa fasea. Oihana Zalduak (Zarautz, 1998) hamasei urte zituenetik jokatzen du Txuri Urdinen, taldea sortu zen urtetik, eta taldearen hobekuntza progresiboa izan dela dio, «urteetako lanari esker».
Bederatzi jardunaldi eta oraindik ez duzue partidarik galdu. Nola da posible?
Urte askotako lana orain igartzen ari da. Orain denek ikusten gaituzte lider, baina ahaztu egiten zaie gu beste taldeak orain dauden bezala hasi ginela. Duela zazpi urte, hogei puntu baino gehiagoko aldeaz galtzen genuen Bartzelonara eta Madrilera joaten ginenean, baina urtez urte, gure helburua hobetzea izan da, eta lortu dugu.
Zertan hobetu duzue azken urteekin alderatuta?
Nire ustez nahiko graduala izan da bilakaera hau. Ez dugu urte batetik bestera sekulako jauzia eman eta dena irabazten hasi. Epe luze batean eman da bilakaera, baina taldean ondo jokatzen zentratu gara; ez hainbeste teknikoki hobetzen, baizik eta talde jokoa hobetzen.
Bestalde, hainbat jokalari on fitxatu ditu aurten klubak, eta horrek ere hobetzen lagundu digu. Hala ere, nire ustez, hobekuntzaren gakoa bakoitzak bere rola zein den garbi izatea izan da, besteak beste.
Blokea mantentzeak ere lagundu dizue?
Egia da Euskal Herrian ez daudela izotz hockeyan aritzen diren hainbeste jokalari, baina gutako askok behintzat urte asko daramatzagu hemen, eta ondo ezagutzen dugu elkar.
Nola ari zarete asimilatzen dinamika bikain hau?
Ez da erraza liderraren rola izatea, eta gainera guk ez dugu inoiz jakin zer sentitzen den. Orain, ligako taldeek gure aurka jokatzen dutenean, ezberdin ikusten gaituzte, eta askorentzat partida garrantzitsuena gure aurkakoa da.
Uste dut oraindik rol hori izatea eta ligaren erritmoa markatzea gureganatzen ari garela, eta ez da erraza izaten ari.
Presioa nabaritzen duzue?
Bai, guztiz. Orain, adibidez, sailkapenaren azken postuetan dauden taldeen aurka gol gutxigatik irabazten badugu, zer gertatzen zaigun galdetzen diogu geure buruari, eta jendea harritu egiten da.
Txuri Urdineko nesken taldea ez da inoiz hain ondo ibili. Ligarekin amesten duzue?
Liga erregularra eta gero kanporaketa fasea dituen liga bat irabazteko, alde batetik, oso konstantea izan behar duzu. Urtea oso gogorra egiten delako, eta gure baldintzak oso onak ez direlako, nahiz eta azkenaldian entrenamenduen ordutegiak hobetu dizkiguten. Bestalde, kanporaketa fasean finalerdietan eta finalean hiruna partida jokatzen dira, eta luze egiten da.
Ia ziur kanporaketa fasean egongo zarete. Fase hori zailagoa izatea aurreikusten duzue?
Egia da azken urteetan ondo moldatu garela kanporaketa formatuko faseetan. Uste dut une horiek motibazioa gehiago azaleratzeko aprobetxatzen ditugula, eta mentalizatuta heltzen gara partida horietara.
Uste dut momentu kritikoetan gure bertsio onena ateratzeko gaitasuna dugula. Izan ere, askotan hobeto jokatzen dugu partida zail bat erraz bat baino. Azken finean, entxufatu egiten gara, eta presio puntu horrek on egiten digu. Izan ere, gure artean konfiantza handia dugu, eta ez gara inoiz bakarrik sentitzen.
Kanporaketako partidetara beti joan izan gara itxaropen handiekin, eta esperientzia politak izan ditugu. Beraz, martxorako eta apirilerako motibazio hori badaukagu. Fisikoki nekatuta gaude, hori bai, urte guztiko nekea nabaritzen baita.
Bidaia luzeek ere eragiten dute neke horretan?
Bai, guztiz. Granadara, Puigcerdara, Bartzelonara eta Madrilera asko bidaiatzen dugu, eta autobus ordu asko dira.
Noiz hasi zinen hockeyan? Zer dela eta?
16 urte nituela hasi nintzen jokatzen. Izotz hockeya ez da saskibaloia edo futbola bezala, mundu guztiak dakielako korrika egiten. Hockeyan, jokoan presente egoteko patinatzen jakin behar duzu, eta ondo gainera. Nire taldekideak oinarrizko patinaje ezagutzekin hasi ziren hockeyan, baina nik ondo patinatzen ikasi behar izan nuen hockeyan aritzeko.
Kasualitatez probatu nuen, eta aukera bat eman nahi izan nion, kirol ezberdin bat probatzeko gogoak bainituen. Hain kirol ezberdina izateak ere harrapatu egiten zaitu.
Lehen urteak nahiko gogorrak izan ziren niretzat, testuinguru guztiz ezezagun batean patinatzen eta aldi berean hockeyan jokatzen ikasi behar izan bainuen.
Nesken hockeyan bilakaera ikusi duzu?
Urte gutxitan emakumezkoen kirolak izugarrizko igoera izan du. Futbolean, adibidez, duela urte batzuetako ligak ez du zerikusirik egungoarekin, eta guk ere nabaritzen dugu. Gaur egun, urtero zortzi edo bederatzi talde gaude.
Egia da sailkapeneko azken taldeak oraindik hazten eta ikasten ari direla, baina goiko talde guztiak asko ari dira hobetzen azken urtetan. Ligak asko egin du hobera.
Izotz hockeya hain ohiko kirola ez den herrialdeetako selekzioak ere asko ari dira hobetzen, baita gazteen taldeak ere.
Zer sentitzen duzu hockeya hain ohikoa ez den leku batean kirol horretan aritzean?
Berezia da, bai, bitxia sentitzen baitzara. Zailtasun asko izaten ditugu; azken finean, beste kirol batzuetan gure mailan aritzen diren kirolariek guk baino baldintza hobeak izaten dituzte. Bestalde, bidaiak luzeak eta gogorrak izaten dira, eta ordutegiak oso txarrak. Iruditzen zait horrelako kirolek ez dutela besteek duten aitortza bera.
Europako iparraldeko eta Ipar Amerikako herrialdeetan kirol nagusia denez, askoz azpiegitura gehiago dute. Kanadan, adibidez, Espainiako Estatuan dagoen pista kopuru bera dago auzo edo herri txiki batean. Ohitura oso ezberdinak dituzte, azken finean.