Nolakoa izango da Euskararen Eguna auzoetan?
Auzoetako euskara batzordeetako kideek egitarau mardula prestatu dute Euskararen Egunerako. Antolatutako jarduerekin hiriko txoko guztietara eraman nahi dute euskararen aldeko aldarria. Ez da urte erraza izan, ordea: beraiek ere nabaritu dute pandemiaren eragina, baina indartsu eta itxaropentsu daude etorkizunera begira.
«Konbentzituta gaude jarduerak antolatzen jarraitu behar dugula»
Aitor Aldai Moares (Intxaurrondo)
Zer egitarau prestatu duzue?
Urtero legez, gaztaina erreketa eta pailazoen emanaldia antolatu ditugu Euskararen Egunaren aurreko asteburuan, eta Zulo Zahar elkartearekin batera bertso afaria antolatu genuen azaroaren 27an. Horretaz aparte, badaramatzagu urte batzuk ostalaritzarekin eta merkataritzarekin lanean, eta kanpaina txiki bat jarri dugu abian azaroaren 29tik aurrera.
Nola ikusten duzu euskararen egoera auzoan?
Nik uste dut diagnosi orokorrarekin bat datorrela: ezagutzan aurrera egiten da, baina arreta erabileran jarri behar da. Gu azken urteotan erabilerarekin gabiltza saiatzen, eta oso erantzun ona jasotzen ari gara. Badaude kezkatzeko arrazoiak, baina behintzat jendearen jarrera ona izaten da.
Nola eragin dizue pandemiak elkartean?
Elkarte gisa, adibidez, joan den urtean ezin izan genituen antolatu urtero prestatu ohi ditugun ekintzak. Zailtasun bereziak izan ditugu antolaketarako, baina konbentzituta gaude pandemiarekin ala gabe ekintzak antolatzen jarraitu behar dugula.
«Geldirik egotea azken aukera da»
Josune Otxotorena Sorondo (Martutene)
Zer antolatu duzue?
Auzoa girotzeko kantujira bat egin genuen pasa den larunbatean. Igandean, urteetako tradizioa duen bertso saioa antolatu genuen. Gainera, gaztelekuko gazteak elkarrizketatxoak egiten ari dira auzoan, eta horiekin guztiekin collage bat egingo dugu. Emaitzaren proiekzioa abenduaren 10ean izango da. Egun horretan bertan, Erraiak dokumentala eta auzoko Egunean Behin jokoko taldearen sari banaketa ere egingo ditugu.
Zer giro sumatzen duzu auzoan?
Badakigu kantujira arrakastatsua izaten dela: auzotar dezente joaten dira, baita beste auzo batzuetakoak ere; giroa berotzeko balio du. Iaz ez genuen hori egiteko aukerarik izan, eta aurten berreskuratu dugu. Lehengo urtean izugarrizko arrakasta izan zuen parkean bertan antolatu genuen bertso saioak. Garai hartan beheraldian ginen animo aldetik, eta horri buelta emateko balio izan zuen.
Nolako eragina izan du pandemiak zuengan?
Geldirik egotea azken aukera da. Mesederik ez digu egin, baina orain denok gaude gogotsu; eta hori aprobetxatuko dugu.
«Egitarauan gazteen intereseko jarduerak sartu ahal izan ditugu»
Peru Lizaso Ezkerra (Parte Zaharra)
Zer asmo duzue?
Adin guztietako auzotarrak kontuan hartzen saiatu gara, eta egitarau nahiko zabala antolatu dugu. Haurrentzako eskaintza berezia aurreko igandean egin genuen. Gazteei begira, Euskal Herriko Gazte Euskaltzaleen Sarearekin batera egitarau oparoa osatu dugu. Bestalde, bihar arratsaldean 35 Huts bakarrizketa izango da San Telmo Museoan. Kresala taldeak ere kantu saioa eskainiko du asteburuan.
Zein izan da zuen erronka?
Aurten arreta berezia eskaini diogu gazteak euskalgintzara erakartzeari. Urte luzez izan dugun nahi bat izan da, eta aurtengo egitarauan euren intereseko ekintzak antolatu ahal izan ditugu. Epe ertain-luzera begira, auzoko hizkuntza paisaia ere landu nahi dugu: horren analisia egin eta bertan eragin.
Zein zailtasun izan dituzue pandemia garaian?
Pandemia garaian taldea desaktibatu egin zen, eta orain dela gutxi aktibatu gara berriz. Hortaz, horrelako egunek bide ematen digute berriro ere aktibatzeko eta auzoko borroka euskaltzaleak berriz berrabiarazteko.
«Haurren hizkuntza ohituretan eragitea da gure helburua»
Aitziber Gurutzeaga Segura (Egia)
Zer antolatu duzue Euskararen Egunerako?
Azaroaren 22tik abenduaren 5era Haurren aurrean, helduok heldu egitasmoan parte hartzen ari gara, 0-12 bitarteko haurrekin harremanetan daudenentzat. Horri lotuta, Paula Casaresen hitzaldi bat antolatu genuen kultur etxean, parte hartzaileek estrategia batzuk beregana zitzaten. Orain auzoko ikastetxeekin harremanetan jarri gara; informazioa jaso, jarraibideak zehaztu eta haurren hizkuntza ohituretan eragiteko helburuarekin. Aitor Ikastolak gonbita onartu zuen; eta bertako gurasoak, aitona-amonak, zaintzaileak eta bestelakoak lanketa hori egiten ari dira.
Zein erronka dituzue auzoan?
Momentu honetan Egia Eskubaloiarekin gabiltza elkarlanean, auzoko haur eta gazte asko joaten baitira bertara. Oraingoz, taldearekin batera diagnostiko bat egin dugu. Gainera, entrenatzaileekin motibazio saio batzuk ere egin ditugu, aurrera begira hizkuntza ohitura batzuk har ditzaten. Aurten erronka horri heldu diogu eta aurrerantzean ere horrekin jarraitu nahi dugu.
«Antolatzen ditugun jarduerekin eragiten ari garela nabaritzen dugu»
Josean Abecia Lanz (Altza)
Zer egitarau duzue prestatua?
Euskaren Egunak Altza Hadi! egitasmoarekin kointziditzen digu auzoan. Orduan, bi egitarauak lotzen ditugu. Larunbaterako, adibidez, egun osoko egitaraua prestatu dugu.
Nolakoa harrera izaten da?
Oso pozik gaude jendearen erantzunarekin. Gaurko egunerako, esaterako, mintzodromo bat antolatzen dugu Larratxon, eta aurten 90 pertsona inguruk hartuko dute parte. Larunbateko jardueretan ere jende asko biltzen da.
Nola ikusten duzu euskararen egoera Altzan?
Antolatzen ditugun jarduerekin eragiten ari garela nabaritzen dugu. Altza Hadi! egitasmoarekin, adibidez, nahiko pozik gaude. Aurtengo daturik oraindik ez dugu, baina iazko edizioan 500 lagun inguruk hartu zuten parte.
Nola eraman duzue pandemia?
Zorionez, azkenaldiko jarduerak aire librean izan dira. Gau Beltza antolatu genuen eta jende asko batu zen, baina garai hartan pandemiaren egoera hobea zen. Orain datorrenarekin pixka bat kezkatuta gaude, baina hasiera batean gure asmoa egitarau guztiarekin aurrera jarraitzea da.
«Ezinbestekoa izan da batzuek gurditik tiratzeko egindako ahalegina»
Ainhoa Lasa Agirre (Morlans)
Zein da zuen egitaraua Euskararen Egunari begira?
Guk gaur arratsalderako antolatu dugu dena: arratsaldeko 17:00etan merienda, 17:30ean zirku ikastaroa Xomorro taldekoen eskutik eta 19:00etan 35 Huts obra. Lehen biak Leire plazan izango dira, eta azkena auzo elkartearen egoitzan.
Nola ikusten duzu euskararen egoera auzoan?
Auzo berri samarra da, eta jendea elkartzeko leku ia bakarra Leire plaza da. Parkean haurrak eta plazako bi tabernetan helduak egoten dira; horiek dira jendea elkartzeko guneak, eta horietan euskara gutxi entzuten da, nahiz eta badiren euskarazko joera duten lagunarte batzuk.
Nola eragin dizue pandemiak?
Pandemiak eragina izan du kale okupazioan: gutxiago atera gara, gauza gutxiago antolatu ditugu, eta antolatutakoetan zurruntasun handia egon da. Batzordekideen artean ere nekea zen nagusi, eta ezinbestekoa izan da batzuek gurditik tiratzeko egindako ahalegina. Azken urte eta erdian gauza gutxi antolatu ditugu euskaldunok biltzeko, eta falta sumatzen da. Badugu elkar ikusteko gogoa.