"Podcasta euskaraz hitz egiteko aitzakia bat da"
Etxean bezala, inon ez. Hala dio esaerak, eta hori uste dute Donostiako AEK-n ere. Euskara praktikoan sakontzeko asmoz, ikasleek podcastak grabatzeari ekin diote. Mintzamena lantzeko eta harremanak sendotzeko balio duela uste dute Xabier Vazquez Eizmendi irakasleak eta Ander Lucas Vazquez ikasleak. Orain arteko saio guztiak iVoox plataforman daude entzungai.
Zer da ‘Etxian bezela’?
Xabier Vazquez Eizmendi (X.V.E.): Podcast bat da, baina ez da podcast arrunt bat. Izan ere, errepikatzen diren aldagai batzuk egon ohi dira podcastetan: gaia, egitura eta partaideak. Gure kasuan, ordea, ikasleek edo ikasle ohiek gai bati buruz hitz egin dezatela bilatzen da. Helburua da euskara praktikatu nahi duen orori gustura eta lasai jarduteko aukera ematea, eta nork bere etxetik egitea. Azken finean, mintzatzeko beste forma bat da, egungo baliabideek ematen dizkiguten erraztasunekin.
Nondik sortu zen ideia?
X.V.E.: Zenbait kasutan ikasleei podcasten bat gomendatu izan diegu, baina ikusten genuen askotan interesgarriena ez zela beraiek entzutea, hitz egitea baizik. Konfinamendu garaian mintzamena praktikatzeko aukera handirik ez zegoenez, proba egitea pentsatu genuen.
Zure kasuan, Ander, zerk erakarri zintuen proiektutik?
Ander Lucas Vazquez (A.L.V.): Euskara ikasten ari garenez, aukera polita iruditu zitzaidan mintzamena praktikatzeko, nire etxean gutxi hitz egiten baita euskaraz. Gainera, gaia ere interesgarria iruditu zitzaidan, eta aukera daukazu gainontzeko klasekideekin harremanak sortzeko eta ondo pasatzeko.
Zenbatean behin argitaratzen dituzue podcastak?
X.V.E.: Ikasleekin komentatzen dugu, eta aukera ikusten dugunean grabatu egiten dugu. Oraingoz zazpi atal egin ditugu: lau Realari buruzkoak eta gainontzeko hirurak gauza solteei buruzkoak. Aurten, maiztasuna handiagotzea jarri dugu helburutzat, baina ez dugu horrekin itsutu nahi. Saioak gehiago daude pentsatuta ikasleek ahal dutenean mintzatzeko, eta ez hainbeste entzule fidelak izateko.
A.L.V.: Nik egin ditudanak Realari buruzkoak izan dira.
X.V.E.: Besteak hauek izan dira: bat mahai jokoei buruz, beste bat Years and Years telesailari buruz, eta azkena Euskara logikoa da egitasmoari buruz; euskaltegiko ikasle eta irakasle baten artean sortutako proiektu bat da.
Baduzue aurrera begira beste gairen bat jorratzeko asmorik?
A.L.V.: Ondo egongo litzateke. Lehen esan dudan moduan, podcastekin mintzamena eta entzumena hobetzea lortzen da: gaitasun gehiago daukazu euskara praktikatzeko, eta hiztegia ere bereganatzen joaten zara. Beraz, gaia ateratzen bada eta jendea prest badago, zergatik ez?
X.V.E.: Ziurrenik aterako den bat Artxipielagoa-ri buruzkoa izango da. Horrez gain, behin baino gehiagotan atera den beste gai posible bat Baserria izan da, baina oraingoz inor ez da animatu pausoa ematera; La isla de las tentaciones ere aipatu zuen batek. Gu prest gaude, helburua baita beraiek egunerokoan hitz egiten edo entzuten dituzten gauzak gurera ekartzea.
Ikasleak dira protagonistak. Zer lortu nahi duzue horrekin?
X.V.E.: Nik aurkezle lana egiten dut, baina gure podcastaren egitura eztabaidatzean datza; hau da, lagunen arteko elkarrizketak sortu nahi ditugu. Tarteka galderaren bat egiten dut, baina ahal den neurrian saiatzen gara bideratzaileak ikasleak izaten. Lan teknikoaz ere gu arduratzen gara, baina garrantzitsua da ikasleak gustura egongo diren gai bat izatea.
A.L.V.: Nire kasuan, adibidez, erraza egin zitzaidan iniziatiba hartzea. Konfinatuta geunden, eta ez zegoen aukera askorik beste gai batzuei buruz hitz egiteko. Realari buruz izatea gutxienekoa zen: beste edozeri buruz izango balitz ere, agian berdin-berdin hartuko nuke parte, nahiz eta hainbeste ez jakin; euskaraz hitz egiteko aitzakia bat baino ez da.