Disney Kote Cabezudo kasuari buruzko telesail bat prestatzen ari da
Disneyren Star plataforma Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren kasuaren inguruko minitelesail bat prestatzen ari da, Alejandra Andrade kazetariaren zuzendaritzapean. Epaiketa 2022an bukatzea aurreikusten da, eta behin bukatuta amaituko eta igorriko dute telesaila. Hain zuzen, berriki, ahozko epaiketa irekitzea erabaki du Gipuzkoako Auzitegiak. Hainbat hedabidek argitaratu dutenez, Cabezudoren biktima batzuen testigantzak izango ditu telesailak, baita kasua argitara eman zuen Melchor Miralles kazetariarena eta Mario Diez abokatuarena ere.
Hainbat urtez oso argazkilari ezaguna izan zen Donostian Cabezudo, besteak beste, First Models agentzian egiten baitzuen lan. Horrela, hainbat emakumek, tartean zenbait adingabek, Cabezudok sexu gehiegikeriak egin zizkiela salatu zuten, eta, gaur egun, 21 emakumeren salaketetan oinarritzen da argazkilariaren aurkako kasua, eta askotariko 47 delitu leporatzen dizkiote. Martuteneko kartzelan dago 2018tik behin-behineko espetxealdian, eta 2022ko maiatzera arte egon daiteke egoera horretan. Dagoeneko bost aldiz zigortu dute, justizia oztopatzeagatik, dokumentu faltsuak aurkezteagatik eta justiziaren aginduak ez betetzeagatik, besteak beste.