"Herritar guztien oinarrizko eskubideak" bermatuko dituen Konstituzio baten beharra aldarrikatu dute
Espainiako Konstituzioaren Eguna da gaurkoa, abenduak 6, eta urteroko legez, Mugimendu Errepublikanoa mobilizatu egin da Donostian, Espainiako Hirugarren Errepublika aldarrikatzeko.
“Konstituzioa edukiz hustua izan da lau hamarkada hauetan eta babes demokratikorik gabe ere aldatu da, zorraren ordainketa eskubide sozialen eta zerbitzu publikoen gainetik lehenesteko. Gizarte, ekonomia eta ingurumen eskubideei buruzko titulu eta artikuluak ez dira bete. Askatasun politikoak murriztuz joan dira eta trantsizioko itun konstituzionalaren zati soziala ez da aplikatu”, salatu dute, eta nabarmendu dute “monarkia desberdintasun sozialen, lurralde gatazken eta ustelkeriaren zutabeetako bat” dela.
“Bada garaia monarkiari amaiera emateko eta prozesu konstituziogile erabat demokratiko bati ekiteko. Prozesu horren emaitza Errepublika Federala izango da, gehiengo sozial langilearen zerbitzura eta herrien autodeterminazio eskubidea errespetatuko duena: Hirugarren Errepublika”, gaineratu dute. Era berean, “herritar guztiei oinarrizko eskubideak, lanekoak, sozialak eta politikoak benetan bermatuko dizkien Konstituzioa” behar dela aldarrikatu dute.