Kote Cabezudoren aurkako ahozko epaiketa irekiko dute
Gipuzkoako Auzitegiak Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako ahozko epaiketa hastea erabaki du, haren aurkako auzibide nagusiari dagokiona. Horrela, fiskaltzaren eta akusazio partikularraren eskaera onartu du auzitegiak, baita Cabezudoren defentsaren eskaerak baztertu ere; ahozko epaiketaren hasiera atzeratzea eta biktimetako bati egindako ustezko delituak prozeduratik kentzea eskatu zuen defentsak.
Argazkilariaren aurkako auzibide nagusia 21 emakumeren salaketetan dago oinarrituta, eta 47 delitu egozten dizkiote, sexu askatasunaren eta intimitatearen aurkakoak, iruzurrarenak, osotasun moralaren aurkakoak, eta abar. Gipuzkoako Auzitegiak ondorioztatu du ikertutako gertakariek “delitu izaera” dutela, eta “oinarri nahikoa” dagoela horien aurka egiteko, ahozko epaiketa zabalduz.
Cabezudo 2018ko maiatzaren 4tik Martuteneko espetxean dago, behin-behineko espetxealdian. 2020ko apirilean, behin-behineko kartzelaldia lau urtera luzatzea erabaki zuten, legez ezarritako gehiengora, alegia. Horrela, 2022ko maiatzean bukatuko litzateke denbora hori.
Kasuaren instrukzioa 2013an hasi zen, eta 2019ko uztailean itxi. Dagoeneko bost aldiz zigortu dute argazkilaria, justizia oztopatzeagatik, dokumentu faltsuak aurkezteagatik eta epaileen aginduak ez betetzeagatik, besteak beste. Esaterako, apirilean zortzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, adingabe baten argazkiak eta bideoak saretik kentzeko agindu judiziala ez betetzeagatik.