Oier Oari ez diote lurralde debekua kenduko
Parisko Zigor Auzitegiak erabaki du ez diola kenduko Frantziako Estatuan egoteko lurralde debekua Groseko bizilagun eta preso ohi Oier Oari. Beraz, ezin izango du Larresorora (Lapurdi) itzuli, eta otsailean epaituko dute, Baionan, lurralde debekua urratzea leporatuta. Izan ere, aipatu debekua ezarri zioten 2015ean, baina bere emaztea eta hiru semeak Larresoron bizi direnez, bertan egon da lau urtez; ordea, iaz atxilotu zuten. Orain, Oak eta bere defentsak egoera aztertuko dute, eta datozen egunetan erabakiko dute zer pauso juridiko egin. Oak urteak daramatza eskatzen lurralde debekua kendu diezaiotela. Azaroan, Groseko bizilaguna hezitzailea den institutuko ikasle ohiek haren egoerari buruzko dokumentala aurkeztu zuten Marruman, eta hedabide honek Oa elkarrizketatu zuen.
2002an atxilotu zuten lehen aldiz, Segiko kide izatea egotzita, baina adin txikikoa zenez, aske utzi zuten. Beranduago, Lapurdira egin zuen ihes, eta urte batzuez bizitza normala egiten aritu ostean, Frantziako Poliziak atxilotu eta espainieratu egin zuen, Eneko Aizpuru Groseko bizilagunarekin batera. 2006an geratu zen aske, eta 2009an epaitu behar zutela jakitean, ihes egin zuen berriz. 2012an, ordea, ETAko kide gisa, atxilotu eta espetxeratu egin zuten. 2015ean amaitu zen bere zigorra, baina ezin zuen Frantziako Estatuan bizi, nahiz eta familia Larresoron izan.
Horrela, Donostiara etorri zen bizitzera denbora tarte batez, baina Larresorora itzuli zen ondoren, familiarekin bizitzeko: “Semeak errotuak daude Larresoron, eta sustrai horiek erauzte bidegabea zela uste nuen. Horregatik, arduraz jokatzea arriskuak hartzea izan zen”, esan zion Oak azaroan hedabide honi. Lau urtez han bizitza normala egiten egon ondoren, kontrol arrunt batean atxilotu zuten Oa, iaz.