Etxe turistikoen plataformak gehiago kontrolatzeko eskatu du Elkarrekin Donostiak

Haizea Garai Elkarrekin Donostiako zinegotziak udal gobernua interpelatuko du gaurko, hilaren 7ko, udal batzordeetan, etxe turistikoak merkaturatzen dituzten plataformak gehiago kontrolatu ditzala eskatzeko. “Udal gobernuak ahalik eta neurri gehien ezarri beharko lituzke hiriak bizitegi erabilerako etxebizitza gehiago gal ez ditzan, eta, besteak beste, etxebizitza turistikoen hazkundea geldiaraztea ahalbidetzen duten ekintza guztiak garatu beharko lituzke”, adierazi du Garaik.
Elkarrekin Donostiak gogorarazi du Garaik berak 2019ko uztailean udal gobernuari eskatu ziola 2018ko ekaineko eta 2019ko apirileko osoko bilkurako akordioak betetzeko; akordio horietan, hiru hilabeteko epea ematen zitzaion udal gobernuari etxebizitza turistikoen nazioarteko plataforma komertzializatzaile nagusiekin izandako bilerei buruzko informazioa emateko. Era berean, nabarmendu dute 2019ko apirilean gehiengoaren babesarekin onartu zela, “EAJren eta PSE-EEren gobernuarena barne”, gobernuak korporazioari arlo horretan egindako aurrerapenen berri ematea, eta plataformei eskatzea modu erregularrean jakinaraz zezatela merkaturatzen ari ziren erabilera turistikoko etxebizitzen zerrenda.
“Udal gobernuak oraindik ez du bete 2019ko apirilaren 17ko osoko bilkuraren akordioa. 2019ko uztailean berretsi genuen hori. Harrezkero, legegintzaldiaren erdia baino gehiago igaro da, eta oraindik ez dugu helarazi behar zuten informazioa. Hala ere, uste dugu gobernuak ezin duela beste alde batera begiratu, eta neurriak hartu behar dituela plataforma horiek kudeatzen dituzten etxebizitzak kontrolatzeko eta haien jarraipen eraginkorra egiteko, batez ere merkaturatzaile horietan argitaratzen diren etxebizitzek turismo jarduerarako lizentzia duten ala ez egiaztatzeko”, salatu du Garaik. “Premiazkoa da fenomeno hori geldiaraztea, beste hiri batzuetan –Cadizen, esaterako–, egiten ari direnaren adibidea dugu; izan ere, dagoeneko beharrezko arau aldaketak egiten ari dira, herritarrek ez dezaten hiritik kanporatu arrazoizko prezioetan etxebizitza bat eskuratzeko aukerarik ez dutelako”, gaineratu du zinegotziak.