"Gezur asko esan dizkigute metroari buruz"

Gipuzkoako Hitza-k Satorralaia bizilagunen mugimenduko kide Marifran Aranjuelo (Donostia, 1947) elkarrizketatu du. Ez zaio batere gustatu hiriak azken urteotan izan duen eraldaketa. Gizarte mugimendu askotan aritu da eta ari da lanean buru-belarri. Hemen duzue elkarrizketaren pasarte bat. Osorik helbide honetan irakur dezakezue.
Zer ez zaizu gustatzen gaur egungo Donostiatik?
Turismoa. Aldatu egin da Donostia; turistaz eta hotelez beteta dago dena. Ezin dut ulertu udal gobernuaren jarrera. Hauteskundeena bihurtu da lau urtez behin botoak uzteko tresna; bakoitza bere inguruan mugitzen ez bada, alferrik ari gara.
EH Bilduk egindako ikerketa baten arabera, 2016tik 2021era Donostian 34 hotel eraikitzeko lizentzia eman zuen udalak.
Eta berdin jarraitzen dute! Begira zer egin duten Santa Teresa komentuarekin [Japoniako fundazio bati saldu diote zati bat]. Parte Zaharra jada ez da Parte Zaharra; Madrilen, Amsterdamen edo Moskun aurki daitezkeen denda berberak daude. Eta zer esanik ez tabernekin; berdinak dira denak, eta mafia handi bat dago atzean.
Metroaren aurkako borrokan, buru-belarri sartuta zabiltza Satorralaia bizilagunen mugimenduan, baina aurrera jarraitzen dute lanek.
Inoiz ikusi dudan zentzugabekeriarik handienetakoa da Donostiako metroarena. Aurrera doa, eta bukatuko dute ziurrenik, Gijonen [Espainia] gertatu zaiena gertatzen ez bazaie behintzat; han urez beteta daude tunelak, eta ez dago metrorik. Hemen ere, agian, zorte pixka batekin, urez beteko da dena, eta argazki hori izango dugu. Baina, lanak amaituta ere, Donostian metrorik ez dela behar esaten jarraituko dut nik.