23 urte Aitor Zabaleta hil zutenetik
Gaurko egunez, duela 23 urte, hil zuten Aitor Zabaleta realzale donostiarra, Madrilen. Zabaleta Atletico Madrilen eta Realaren arteko UEFA kopako kanporaketako neurketa ikustera joan zen Madrilera, eta Vicente Calderon estadioaren kanpoaldean, ultraeskuindar batzuk oldartu egin zitzaizkion donostiarrari. Haietako batek, Ricardo Guerrak, labankadaz hil zuen Zabaleta. Guerra hamazazpi urteko espetxealdira kondenatu zuten hilketarengatik, baina 2006an, erailketatik zortzi urtera, hirugarren gradua aplikatu zioten. Ordea, 2018an berriz atxilotu zuten ultraeskuindarra, Belgikan, Atletico Madrileko beste hainbat zalerekin batera agur faxista egiteagatik.
Zabaletak realzale guztien oroimenean jarraitzen du oraindik ere, eta Anoetan jokatzen diren partida guztietan haren omenezko kantak entzun ohi dira, bereziki bere izena daraman harmailan. Atletico Madrilen estadioan, ordea, oraindik entzun ohi dira Zabaletaren aurkako oihuak. 2018an, hilketatik hogei urte bete zirenean, hedabide honek erreportaje zabala argitaratu zuen gaiaren inguruan.
Realaren Lagun Taldeak pasa den larunbatean oroitu zuen Zabaleta, urteroko legez, Anoetaren kanpoaldean dagoen monolitoan. Realak, bere aldetik, Zabaleta oroitu du gaur, hilketaren urteurrenean, sare sozialetan.
Dena ematen duten horiek gabe ez genuke ezer edukiko.
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) December 8, 2021
Maite zaitugulako.
Familia bat garelako.
Reala garelako.
Beti gogoan, Aitor ?#AurreraReala | #NikEzDutBigarrenTalderik pic.twitter.com/kYQmvgLohV