Federico Silva Muñoz ministro frankistari emandako urrezko domina erretiratuko du udalak
Elkarrekin Donostia udal taldearen eskaera beteko du Donostiako Udal Gobernuak. 1972an Federico Silva Muñoz ministro frankistari emandako Donostiako urrezko domina erretiratuko du udalak. Eneko Goia alkateak domina erretiratzeko proposamena aurkeztuko du, Memoria Historikoaren legea betetzeko konpromisoarekin.
Ezkerreko koalizioak, Irabazi-Donostia izenarekin, 2017ko iraileko udalbatzarrean egin zuen eskaera, eta udalbatza domina kentzearen alde agertu zen. Ordutik, beste hainbatetan eskatu diote udal gobernuari Silvaren urrezko domina erretiratzeko. Azken eskaera Elkarrekin Donostiako zinegotzi Haizea Garaik egin zuen pasa den hilabeteko udal batzordeetan.