"Nire helburua da entzulearen arimarekin konexio bat lortzea"
Mikel Azpiroz musikari donostiarrak (Amara, 1971) bere seigarren diskoa argitaratu berri du Elkano Browning Cream taldearekin, —Eup!— eta luze eta zabal hitz egin dugu berarekin. Diskoaz, Elkano Browning Creamekin zein bakarka egiten ari den ibilbideaz, azken 30 urteotan egindako lanaz, Euskal Herriko eta Donostiako eszenaz, musikak bere bizitzan duen garrantziaz eta bestez hitz egin dugu, eta elkarrizketa osoa ostiralean irakurri ahalko duzue osorik, astekarian eta webgune honetan.
Ordura arte, hemen duzue aurrerapen txiki bat:
Elkano Browning Creamen proiektua abiatu zenutenetik hamabost urte eta sei disko pasa dira. Zer eboluzio izan du taldeak?
Hasteko, lehenengo bi diskoetan Matt Harding zen taldeko gitarrista, eta hirugarrenetik aurrera Dave Wilkinson izan da. Bigarren diskoaren ondoren, Matt Txinan bizitzen ari zen, eta oso zaila zen jotzeko elkartzea. Horregatik, esan zidan zaila egiten zitzaiola proiektuarekin jarraitzea. Une horretan, pentsatu nuen agian hor bukatuko zela Elkano Browning Creamen proiektua, baina justu orduan ezagutu nuen Dave, Bartzelonan. Ikusi nuen bere mundu musikalak Elkano Browning Creamenarekin zerikusi handia zuela. Bera oso jazz zalea zen, eta, aldi berean oso ganberroa zen. Oso tipo eklektikoa zen, eta pentsatu nuen aukera asko irekiko lizkigukeela. Hasieratik oso ondo sartu zen taldearen moldean, eta gauza berriak probatzeko aukera handiak eman zizkigun. Matt gurekin zegoenean, taldea bere gaitasunetara egokituta zegoen, baina Davek oso ikuspegi zabala ematen digu. Diskoetan ikusten da hori: elementu komunak dituzte guztiek, baina geure burua irekiak izatera behartzen dugu beti.
Izan ere, etiketak ez zaizkit batere gustatzen, aspertu egiten naiz. Garai batean, oso disko irekiak egiten ziren: The Beatlesen Sgt. Pepper’s edo [Jimi ] Hendrixen Electric Ladyland dira horren erakusgarri, adibidez. Disko horietan countrya, bluesa, jazza, funka eta denetarik zegoen, eta ez zen inor kexatzen. Ordea, merkatua alde komertzialetik gauzak mugatzen joan zen, eta diskoetxeak ere artistak gauzak mugatzera behartzen hasi ziren. Gure kasuan, diskoetxea nirea denez eta ez ditugunez baldintzatzen gaituzten milaka erosle, nahi duguna egiten dugu. The Rolling Stonesen Sticky Fingers diskoan ere, esaterako, rock abesti batekin hasten dira, gero balada bat dago, gero country bat eta gero blues bat. Ni horrelako diskoak entzuten hazi nintzen… Nola mugatuko dut neure burua estilo jakin bateko diskoak egitera?
Bakarlari gisa hiru disko argitaratu dituzu dagoeneko. Ibilbide horrekin jarraituko duzu?
Bide luzea ikusten diet jorratzen ari naizen bi arloei: Elkano Browning Creamekin jorratzen dudanari eta bakarkakoari. Elkarren artean osagarriak dira. Elkano Browning Creamekin oso musika erritmikoa eta energetikoa jorratzen dugu, eta, aldiz, bakarka askoz musika intimistagoa egiten dut, espiritualagoa. Musika zale eta sortzaile gisa, bi arloak behar ditut, eta biekin asko disfrutatzen dut. Jendearekin konexioa lortuz gero, biak gozamena dira.
Bakarkako lehenengo diskoa [Gaua] grabatu nuenean, uste nuen oso gauza minoritarioa izango zela: pianorekin bakarka, tempo geldoarekin… Pentsatzen nuen horrek ez zuela izango ibilbide komertzial handirik, baina, hasieratik, izugarrizko ezustekoa izan zen ikustea jendea zein ondo sartzen zen kontzertuetako giro lasai horretan.
Hasieran zure pianoa zegoen soilik, baina azken diskoan kontrabaxua eta bateria ere sartu dituzu.
Gorputz gehiago ematen diote diskoari, eta kontzertuan bertan pasarte desberdinak jorratzeko aukera ematen dizute. Nire helburua da entzulearen arimarekin konexio bat lortzea, eta hori lortuz gero, jarduna justifikatuta dago.
Sentimenduekin entretenimenduarekin baino harreman gehiago daukan musika horrek lekua dauka industrian?
Ez diot horri gehiegi erreparatzen. Badakit nire ibilbideak zer muga komertzial izan dituen beti, eta ez dut inoiz izan musikaren arau komertzialetara itsasteko gogorik. Niretzat, garrantzitsuena da egiten duzunarekin pozik egotea eta zintzotasunez egitea. Ez dut batere gustuko atzera begiratzea eta garai batean egin nuenarekin deseroso sentitzea. Saiatzen naiz egiten dudan guztia defendatu ahal izateko modukoa izatea; neure buruarekin defendatzeko modukoa, eta jendaurrean aurkeztean, barru-barrutik egindako zerbaiten gisan aurkezteko.