Bertan behera utzi dute San Tomas eguna
Bigarren urtez jarraian ez da San Tomas egunik ospatuko Donostian. Donostiako Udalak, Donostia Kulturak eta Donostiako Festakek abenduaren 21eko San Tomas feria ez antolatzeko erabakia hartu dute, hiriko eta lurraldeko osasun egoeraren bilakaera txarra dela eta, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren gomendioei kasu eginez.
Gaur goizean bilera telematikoa izan dute Eneko Goia alkateak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko arduradunekin. Osakidetzako arduradunek datozen egunetan bazkariak eta afariak saihestea gomendatu dute. “Beste jai batzuekin gertatu den bezala, kutsatze kopuruaren gorakada Donostian eta Gipuzkoako herri askotan, eta ospitaleen eta gainerako osasun zerbitzuen tentsio handiko egoerak ezinezkoa egiten dute lurralde osoko milaka pertsona hirira erakartzen duen jai bat ospatzea”, adierazi dute udaleko iturriek.
Labi batzordeari aholku ematen dion batzorde teknikoak jakinarazpen bat bidali dio udalari. Idatzi horren arabera, ez da egokia eta komenigarria San Tomas eguneko azoka antolatzea, gune desberdinetan eta ostalaritza establezimenduetan pertsonak pilatzen direlako. Horregatik, osasun agintarien iritzia jaso ondoren, udalak erabaki du, zuhurtziaren irizpidea jarraituz, San Tomas eguna ez antolatzea.