Jon Troitiño preso donostiarra Euskal Herriratuko dute
Espainiako Espetxe Erakundeek beste bost euskal presoren Euskal Herriratzeak iragarri dituzte, tartean Jon Joseba Troitiño Ciria donostiarrarena. Ordea, ez dute iragarri Euskal Herriko zein kartzelara eramango duten, Eusko Jaurlaritzak zehaztu beharko baitu hori. Izan ere, Espainiako Espetxe Erakundeek adierazi dutenez, presoen Euskal Herriratzeak Eusko Jaurlaritzako Justizia sailarekin koordinatuta iragarri dituzte, haren eskumenekoak baitira orain Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako espetxeak. Espainiako Espetxe Erakundeen oharrean jartzen duenez, “dagokion” kartzelara lekualdatuko dute, beraz, Troitiño donostiarra izanik, aurreikusi daiteke Martutenera ekarriko dutela, nahiz eta Jaurlaritzak oraindik ez duen halakorik esan.
Troitiño 2010etik dago Espainiako espetxeetan preso, eta 2040an beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Murtzia II kartzelan (820 kilometro) zegoen martxora arte, baina orduan Logroñora (170 kilometro) gerturatu zuten. Han dago ordutik.
Bestalde, Euskal Herriratuko dituzten beste lau presoak hauek dira: Zigor Blanco –Asturiasko kartzelan dago, eta 2018tik beteak ditu zigorraren hiru laurdenak–, Lexuri Gallastegi –Zueran dago, eta 2031n beteko ditu hiru laurdenak–, Gorka Lupiañez –Logroñon dago, eta 2022an beteko ditu zigorraren hiru laurdenak– eta Jose Maria Novoa –Mansillan dago, 2022an beteko ditu hiru laurdenak–.