Kristinaeneako ehun urteko haritzean Europako kakalardo handienetakoak bizi dira
Parkea Bizirik “Kukulunbera” Elkarte Naturzaleak 100 urte baino gehiagoko haritzaren eta bertan bizi diren animalien inguruko bideoa zabaldu du. Izan ere, kukulunbera eta kaprikornio handia, Europako kakalardo handienetakoak, bizi dira zuhaitz horretan.
Zuhaitzean animalia ugari bizi dira, esaterako, Garrapoa eta Gerri txor arrunta. Kukulunbera eta kaprikornio handia enborretik ibiltzen dira eta markak uzten dituzte larbek, zuhaitzaren zuraz elikatzen baitira. Ekainetik abuztura bitartean, bi kakalardo hauek enbor baneko galerietatik ateratzen dira. Kukulunbera 3-4 cm-ko luzera izatera iris daiteke eta kaprikornio handia 4-5cm-koa.
Elkarteko kideek bideoan azaltzen dutenez, animalia hauen etorkizuna jokoan da, izan ere, ehun urtetik gorako bi haritzetan bizi ziren eta horietako bat ebaki egin dute. “Parke eta Lorategien Udal sailak horietako batzuk erabiltzeko enkargua bere azpikontratari zabaldu zion. Naturzaleok enbor ebaketaren aurretik Udal erregistroaren bidez ez mozteko eskaera bideratu genuen edo, gutxienez, enborrak parkean utz zitzaten. Babestutako kakalardoak bertan zeudelako”. Elkarteak ez zuen erantzun ofizialik jaso eta kakalardoentzat “hondamendia” izan zela nabarmendu dute. Hala, kakalardoak babesteko eta ehun urteko zuhatitzak ez mozteko eskatu dute bideoaren bitartez.
Azaldu dutenez, zenbait haritzetan larbak egindako markak daude, baina ez dute kukulunbera edo kaprikornio handiaren alerik aurkitu, Naturzaleen elkarteak banan-banan mihatu ondoren.