Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa zerbitzuetako langileek eskubide murrizketak salatu dituzte Donostiako Ospitalean
Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa zerbitzuetako langileek Donostiako Ospitalean egin dute protesta, eskubide murrizketak salatzeko eta lan baldintza duinak eskatzeko. Azpikontratetako langileen lan-baldintzak homologatuta daude eta Osakidetzako garbitzaileen baldintza berdinak behar dituztela azaldu dute LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek zabaldutako ohar bateratuan. Enpresek, ordea, “ez dizkiete azpikontratatutako langileei Osakidetzako garbitzaileek 2015etik hona izan dituzten hobekuntzak onartu nahi”.
Negoziazio mahaiak 38 bilera egin ditu eta sindikatuen iritziz homologazioa kendu nahi diete langileei. “Hitzarmen berriaren negoziazioa 2018an hasi zuten, negoziazio erraza izango zelakoan, Osakidetzako langileekin homologatuta egoteak gai jakin batzuk akordio berrietara egokitzea baino ez baitzuen suposatu behar: 2012ko karrera profesionala, lanpostu hutsak betetzeko sistema zabalagoa eta bidezkoagoa, errelebo bidezko jubilazioa, Osakidetzako langileentzat onartu berri dituzten baimen eta lizentziak, etab.”
201ean sinatutako homologazio-hitzarmeneko baldintzak izoztuta utzi nahi dituztela adierazi dute: “Enpresak malgutasunik gabe azaldu dira, eta mahaia blokeatuta dute. Badirudi blokeo hori Osakidetzak berak babesten duela, eta ez du erantzun langileei egin dizkien bilera-eskaera desberdinei. Homologazioa kendu nahi diete eta itxita daude ezer egokitzeko.”
Hala, homologazioa “ukitzen ez dela” esatera atera dira kalera. Abenduaren 2an Gurutzetako Ospitalean egin zuten elkarretaratzea eta 15ean Txagorritxuko Ospitalean egingo dute.