Realak irabazi behar du
Realak PSV Eindhovenen aurka jokatuko du gaur, 18:45ean, Anoetan, eta final bat izango da txuri-urdinentzat, soilik irabazteak balio baitie Europa ligan jarraitzeko. Reala taldeko hirugarrena da, sei punturekin, eta PSV bigarrena, zortzi punturekin. Soilik lehenengo biak sailkatzen dira final hamaseirenetarako, beraz, hiru puntuak gehitu beharko ditu Imanol Alguacilen taldeak; bestela, Conference ligara joango da. Final hamaseirenetarako sailkatuz gero, Txapeldunen Ligako taldekako fasean hirugarren gelditu den talderen baten aurka jokatuko du Realak.
Txuri-urdinak bolada gorabeheratsu batean sartuta daude, bi neurketa galdu baitituzte jarraian ligan, eta, azken bost partidetan, soilik garaipen bat eskuratu dute, Panaderia Pulido talde txikiaren aurka. Gainera, Reala Mikel Merino eta David Silva gabe aterako da zelaira. Hala ere, joaneko neurketan donostiarrek erakutsi zuten gai zirela PSVri aurrez aurre begiratzeko eta irabazteko. Beraz, lehenengo minututik kontzentratuta ateraz gero, balentria egin dezakete txuri-urdinek.