1813ko setioarekin lotutako ezpata bat eta kanoi bola bat enkantean saldu dituzte
Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak jakinarazi duenez, azaroaren 27an 1813ko Donostiako setioko bi objektu enkantean saldu zituzten Le Mansen (Frantzia). Garaiko Donostiako gobernadore militarraren, Emmanuel Reyren, ezpata bat eta setioa oroitzen duen kanoi bola bat dira saldu zituzten objektuak, hain zuzen ere. Ezpata 11.040 euroan saldu zuten, eta kanoi bola 400 euroan, baina erosleak ez dituzte publiko egin. Ancorakoak udaleko arduradunekin harremanetan jarri ziren, bi pieza horien balioaren berri emateko.
Ezpata 1796 eta 1813 urte artekoa da, eta Ancoraren arabera, Reyk Urgulleko gotorlekua errenditu zuenean eraman zuena da. Fabrikazio otomandarreko xafla kurbatua dauka, ebanozko burua eta larruzko zorroa, eta azken elementu horrek zilarrezko bi izar dauzka. Eskudela eta txurroa brontzezkoak dira, eta Neptuno jainkoaren gurdian erasoan doan zaldizko bat irudikatzen dute.