Belartza, bi urte t'erdi eta harri guztiak bertan
Badirudi batzuentzat denbora ez dela pasatzen. Badirudi denak balio duela. Horrela ez delakoan gaude, eta, horregatik, Belartzaren inguruan dagoen komertzioa salatzen jarraituko dugu udalak epaia bete arte, handik harriak ateraz, eta hura Unanue Landa Parkeko zatia izan arte.
Gaur, abenduak 10, bi urte eta erdi bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak jarritako helegitearen ondorioz, Donostiako Udalak Belartzako materialak Belartza Goikoan isurtzeko eman zuen baimena legez kontrakoa zela ebatzi zuenetik. 30 hilabete geroago, donostiar guztien kontra botatako harri haiek han jarraitzen dute, udalak epaia noiz beteko duen zain.
Belartza Añorgako zona baten toponimoa da. Inguru guztian interes ekonomikoak zirela eta, lursailak industrial gisa sailkatu ziren eta lehendabizi Belartza I garatu zen (Decathlon). Hainbat saiakera izan ziren Belartza II (Goikoa) eraikitzeko, baina porrot egin zuten. Duela urte eskas batzuk, Belartza Harrobiaren txanda izan zen, eta han Mercadona eta Mc Donald’s jarri zizkiguten.
Belartza Harrobia
Ezustean harrapatu gintuen, ez baikenekien. 2016an ekin zioten, eta hondeaketa lanetan hasi eta berehala, apirila aldera, kamioiak eta kamioiak Belartza Goikora bidali zituzten hango belar soro batean (Europa Batasuneko Intereseko Habitata zena, alegia) harriak jarriz. Salatu egin genuen behin eta berriz telefonoz udaletxera eta Udaltzaingora deituta, eta jakin genuen lanetarako derrigorrezkoa den udal baimenik ere ez zutela. Ia hilabete geroago, guk idatzia erregistrotik sartuta, lanak geldiarazi egin zituen udalak. Ordurako larre eremu erdia baino gehiago txikituta zegoen.
Zur eta lur gelditu ginen handik bi aste eskasera lanei berriro ekin zietenean, Donostiako Udalak Belartza Goikoan materialak aldi baterako emandako baimena zela eta. Ezin genuen sinetsi. Gainera, jatorrizko paperak une hartan ikusi ahal izan genituen, eta formularioaren atal gehienak zurian zeuden, hutsik. Eta hala moduko baimen harekin kamioien joan-etorria berpiztu zen sega belardia guztiz estali eta txikitu zuten arte.
Haritzaldekoak harremanetan jarri ginen hirigintza arloko abokatuekin, eta udaletxean bertan helegiteak alferrik aurkeztu ostean, auzitegira jo behar izan genuen, administrazioaren aurkako auzi helegitea prestatuz eta aurkeztuz.
Belartza Harrobiko obrak iraun bitartean, irregulartasun andana gertatu ziren eta hirutan geldiarazi genizkien lanak. Udalak azken unean eskua hartzen zuen, baina gobernuaren helburu garbia laguntzea zela agerian zen. Udalak hasierako baimen faltaren aurrean, sustatzaileek eskaera egin zutela, baina udaletxean galdu egin zenaren aitzakia jarri zuten.
Beltzezkoen esanetara edo
Azkenean iritsi zen esperotako epaia. 2019ko ekainean, EAEko Auzitegi Nagusiak 291/2019 epaia atera zuen, udalak emandako baimena legez kontrakoa zela ebatziz. Horrela, Belartza Goikoan isuritako milaka tona harri guztiak kentzeko eta sega belardia berreskuratzeko agindua etorri zen. Irailean, Donostiako epaitegiak bi hilabeteko epea eman zion udalari epaia betetzeko. Era berean, epaiak 1.000 euroko kalte ordaina ezarri zion udalari. Diru horrek Haritzalderen gastuen parte bat baino ez zuen ordaintzen, baina halere, udalak hura ordain zezan galdetu behar izan genuen. Urte eta erdi ondo pasatxo igaro arte ez zen dirua kobratu.
Egunak, hilabeteak, urteak aurrera doaz, eta, egun, ez da Belartza Goikoa eremutik harri txintxar bat ere atera. Gainean egon gara abokatuen laguntzaz, eta udalaren jarrera iheskorra izan da aldiro. 2020ko irailean ekin zioten ofizialki betearazpen subsidiarioari. Hau da, sustatzaileek betetzen ez dutenez, udalak egingo du. Bi hilabete zituen epaia betetzeko eta urte luze pasata hasi behar zuela zirudien. Bada, beste urte luze bat gehiago pasa da eta harri pilaketa handik ez da mugitu. Berriki, Auzitegiak prozedurak azkartzeko eta epaia behingoz betetzeko eskatu dio udalari. Ikusiko dugu, baina epaitik bi urte eta erdi bete direnean, oraindik zain.
Lege iruzurra
Esan bezala, Belartza I eremu industriala zen, baina zer ezarri zen han nagusiki? Komertzioak. Han daude Porcelanosa eta Decathlon, eta beste hainbat denda, taberna eta saltoki. Kirol denda aurreko aparkalekua ere lurzati industriala zen.
2016an Belartza Harrobiaren txanda iritsi zen. Hura ere, arestian azaldu dugun legez, lurzoru industriala zen. Ezetz asmatu zer eraiki zuten? Mercadona eta Mc Donald’s. Izango da akaso janari industriala saltzen dutelako?
Orain, enegarrenez, erasoan datoz landa eremua den Belartza Goikoan industrialde proiektu berri batekin, parte batean komertziala izango dena, zortzi solairuko hotela barne. Zer uste duzue, industriala izango al da? Gu ziur gaude ezetz.
Proiektu berria legez kontrako harri pilaketa baliatuz burutu nahi dute gainera, eta udalak epaia bete ordez, legearen kontra egiten jarraitu nahi duela dirudi. Belartza Goikoa Donostiako Gerriko Berdearen parte da, eta duen balio ekologikoaren defentsan jarraituko dugu, eta epaia beteko da.