Irabazi behar, eta irabazi
“Bultzadaren indarra, Aitor Zabaleta” dio abestiak, eta Zabaleta presente egon zen ostegunean Anoetan, duela 23 urte erail zuten realzalearen omenezko tifo bat atera baitzuen bere izena daraman harmailan partida hastera zihoanean. Aitor Zabaletaren eta Anoetan bildutako zale guztien indarrarekin, Realak 3-0 irabazi zion PSV Eindhoveni, eta Europa ligako final hamaseirenetan jokatuko du.
Lehenengo zatia nahiko parekatua izan zen, bi taldeek izan baitzituzten markagailua hausteko aukerak. Isakek, esaterako, gol aukera argi bat izan zuen 16. minutuan, baina atezainak gelditu egin zion. Brumak ere, Realeko jokalari ohiak, gol aukera argi bat izan zuen, area kanpotik baloia zutoinera bota baitzuen. Ordea, lehenengo zatia amaitzera zihoanean, Januzajen jaurtiketa bat eskuarekin gelditu zuen PSVko atzelari batek, eta epaileak penaltia adierazi zuen. Mikel Oiartzabalek jaurti zuen penaltia, eta ez zuen hutsik egin.
Bigarren zatiko lehenengo hamabost minutuetan gora joan zen PSV, baina txuri-urdinek ondo aguantatzen jakin zuten, eta arriskua sortzen hasi zen kontraerasoetan. Horrela, 62. minutuan, Herbehereetako taldeko atzelari bat mantso ibili zen baloiarekin bere areatik gertu, Zubeldiak baloia lapurtu zion, Oiartzabalek jaso zuen, eta atezaina erraz gainditu zuen, 2-0-ekoa egiteko.
Hortik aurrera, Realak ez zuen zailtasun handirik izan partida kontrolatzeko, are gutxiago 75. minututik aurrera, Sangarek bigarren txartel horia ikusi baitzuen. Horrela, luzapenean partida itxi zuen Sorlothek, gol bikain batekin.
Orain, Realak final hamaseirenetan Txapeldunen Ligatik kanpo gelditutako talde baten aurka jokatuko du. Astelehenean egingo dute zozketa, eta hauetako bat izango da bere aurkaria: Borussia Dortmund, Oporto, Zenit, Sheriff, Leipzig edo Atalanta. Joaneko partida etxetik kanpo jokatuko dute txuri-urdinek, otsailaren 17an, eta etxean bueltakoa, otsailaren 24an.