Islandiako paraje hotzetan
Filma: ‘LAMB’
Zuzendaria: Valdimar Johannsson
Urtea: 2021
Herrialdea: Islandia
Iraganeko galera batek minduta, Maria (Noomi Rapace) eta Ingvar senarra (Hilmir Snaer Guonason) Islandiako paraje zabaletako baserri batean bizi dira, isilkor eta goibel, artzain lanetan eguneko ordu guztiak sartzen dituztela. Ardiek bazkatzeko erliebe hotzen giroak senar emazteen hartu-eman sorgorra islatuko dute. Egun batean, ordea, bikotearen krisialdia salba dezakeen miraria gertatuko da: ardietako batek izakitxo bat erdituko du, erdi gizaki eta erdi ardi itxurakoa, eta Maria eta Ingvarren bizitzak berriz ere zentzuz beteko ditu gertaera fantastiko horrek. Zer esanik ez, filmaren beldurrezko generoaren tonuak hasiera-hasieratik iradokiko duen legez, gauzak ez dira uste bezala irtengo, Peturren agerraldiak (Ingvarren anaiak) ez baitu baserriko tentsioa lasaitzen lagunduko, eta sortu berri den familia bitxi horren batasuna kolokan jarriko du berriro.
Islandiako paraje horiek bezalaxe, gidoiaren elkarrizketa hotz eta zuzenak bat etorriko dira istorioaren izaera orokorrarekin; baina Valdimar Johannssoni interesatzen zaizkion gaien funtsean jotzea lortzen badute ere, sinpletasun hori azkar bihurtuko da errepikakor eta aspergarri. Onartu beharra dago metaforen eta alegorien eremuan kokatzen direla kontakizuneko pertsonaiak, animalia sinbolikoak, gertakizunak, eta filmeko beste elementu asko —Izan ere, protagonistak Maria du izena, eta sorkunde garbiaren analogiak ez dira bereziki disimulatuak. Bildotsaren sinbologia ere agerian dago, eta, horrez gain, folklore islandiarreko kontuak modu esplizituan aipatzen dituzte pertsonaiek beraiek—. Hala ere, nahiz eta zinemagile islandiarrak, neurri batean behintzat, filmak duen distantzia eta hoztasun estetikoa alegoria intelektualaren erreinuarekin justifikatu nahi izan, metaforen jokoa ere ez da horren txalogarria. Eta, zoritxarrez, behin pertsonaien bilbean interesa guztiz galduta izan, horixe izango da filmak opatzeko duen alderdi interesgarriena.
Bestalde, A24 ekoiztetxe amerikar “independentearen” estetika orokorra nabarmena da azken proiektu honetan ere: argazki lan ederrak eta produkzioaren diseinu txukunak lortzen dituzte beti, aurrekontu estratosferikorik gabe. Artisau lan indie/hipster hori balioesten duen ikusleari, beraz, seguraski Lamb interesatuko zaio (baita ekoiztetxearen lan sonatuenetan jada Ari Aster eta Robert Eggersek sinbolismorantz zuzendu duten joera, apika). Unez une, Annetteko haurrak horren ondo gorpuzten zuen komedia eta beldurraren arteko nahasketa bitxi hori iradokitzen du Lamb-eko munstro txikiak (genero nahaste hori ikusita, ez da zaila filmak Sitgesen izan duen arrakasta ulertzea). Arazoa da, ironia aukontziente puntu horrek filmeko alegoria filosofikoen gehiegikeria disimulatu nahi badu ere, horretan ere huts egingo duela Johanssonen filmak.

