Udazkena, gehienbat, euri garaia izaten da Euskal Herrian, Donostialdean bereziki. Orain, esaterako, asteak daramatzagu etengabeko euriarekin. Urte batzuetan bereziki gogorrak izaten dira euriteak, eta, behin baino gehiagotan, uholdeak izan dira Bentaberrin.

Azaroa eta abendua hilabete euritsuak izan dira betidanik, eta urte batzuetan kalte asko eragin duten uholdeak izan dira prezipitazio bortitzak direla eta. Hala ere, ekaina ere hilabete euritsua izan ohi da, udako ekaitzak direla eta. Gaur egun, Donostian uholdeak daudenean, Txomiñenea, Martutene eta Loiola izaten dira uholdeak gehien sufritzen dituzten auzoak, Urumeak gainezka egiten duelako batzuetan. Duela hamarkada batzuk, ordea, Bentaberrin ere euriteek arazo larriak sortzen zituzten.
Gaur egun, bizitegi auzoa da Bentaberri, baina XIX. mendetik XX. mendearen amaierara arte Donostiako industrialde nagusienetariko bat zen. Suchard txokolate fabrika, Cervezas El Leon garagardo fabrika eta Lizarriturry eta Rezola kimika lantegia ziren ezagunenak.
1930eko hamarkadan, euriak bitan jo zituen gogor Bentaberriko fabrikak. 1932. urtean eta 1933. urtean izan ziren uholdeak, baina gogorrenak bigarrenak izan ziren. Ekaina zen, eta 48 ordutan metro karratuko 174 litro bota zituen Donostialdean.
Irudi bereziak utzi zituzten uholde hauek; esaterako, Lizarriturry eta Rezola fabrikaren atarian jendea txalupa batean. Baserritarrek suak piztu zituzten suhiltzaileei abisua emateko. Uholde horiek Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat udalerritan eragin zituzten arazoak, Bilbon eta Errenterian, esaterako. Soilik Donostialdean zazpi pertsona hil ziren. Hala adierazi zuen garaiko El Noticiero Bilbaino egunkariak: «La fábrica de tabacos y el barrio del Antiguo estan intransitables».