Aihen Muñozek 2024ra arte berritu du kontratua Realarekin
Aihen Muñoz (Etxauri, Nafarroa, 1997) atzelari txuri-urdinak bere kontratua berritu du Realarekin, 2023/2024 denboraldiaren amaierara arte. Jokalaria pozik agertu da: “Kontratu berrikuntza hau egindako lana guztiaren ondorio da. Oso pozik nago”. Era berean, nabarmendu du Reala bere “bihotzeko kluba” dela.
Muñozek 2019ko urtarrilaren 6an egin zuen debuta klub txuri-urdineko lehenengo taldearekin, eta 2019/2020 denboralditik dauka lehenengo taldeko dortsala. Gaur egun, jokalari garrantzitsua da Etxaurikoa Imanol Alguacil entrenatzailearentzat.