Leipzigen aurka jokatuko du Realak Europa ligako final hamaseirenetan
Europa ligako final hamaseirenak zehazteko zozketa egin berri du UEFAk Nyonen (Suitza), eta Realari Leipzig talde alemaniarra egokitu zaio. Txapeldunen ligako taldekako fasean hirugarren geratu zen Leipzig, eta donostiarrak, berriz, bigarren Europa ligako beraien multzoan. Alemanian izango da joaneko partida, eta itzulerakoa Anoetan jokatuko dute. Lehen partida 2022ko otsailaren 17an izango da, eta bigarrena otsailaren 24ean.
Realak ozta-ozta lortu zuen Europa ligan mantentzea; izan ere, hirugarren postuan zen azken partidaren aurretik, eta PSVren aurka irabazi beharra zuen sailkatzeko. Herbehereetako taldea Donostiara etorri zen joan den ostegunean, eta Mikel Oiartzabalen bi goli eta Alexander Sorlothen gol bati esker, 3-0 irabazi zuten txuri-urdinek, eta Europa ligako final hamaseirenetarako txartela lortu zuten.