Txaparrene pasealeku seguru baten alde mobilizatuko dira
Intxaurrondoko bizilagunek urteak daramatzate Txaparrene pasealekuaren egoerarengatik eta segurtasun faltarengatik kexatzen, eta udalaren erantzun faltaren aurrean, elkarretaratzea egingo dute larunbatean, hilaren 18an, 12:00etan. IZBE auzo elkarteak, Aitona-Amonen Etxeak, Artzak Ortzeok elkarteak eta Zulo Zahar elkarteak antolatu dute mobilizazioa, eta trenbidea gurutzatzen duten Zabal Toki eta Filipene oinezkoentzako zubien aurrean egingo dute, Txaparrene guztiontzat pasealeku segurua izatea nahi dugu! lelopean.
Pasealekua segurua ez dela salatu dute antolatzaileek: “Oinezkoek tokia partekatu behar dute askotan oso abiadura azkarrean ibiltzen diren beste motazko erabiltzaileekin: txirrindulariekin, patineteekin eta kotxeekin, azken hauek zati txiki batean bada ere”. Horrek “hamaika liskar eta istripu txiki” eragiten dituela gaineratu dute, baita “hainbat istripu larri” eragin dituela deitoratu ere. Azaldu dutenez, udalak aspaldi du egoeraren berri, baina “ez du arazoa konpontzeko neurri eraginkorrik hartu”.