"Azken astetan udal gobernuak 127 apartamentu turistiko berri ezartzeko baimena eman du"
Zubieta kaleko 3. zenbakiko eraikina erabat berritu eta hotela zein etxebizitzak jartzeko lizentzia aldatzea onartu du Donostiako Udalak. Hirugarren sektoreko hotel erabilera izan beharrean, apartamentu turistikotarako erabilera izatea eta eraikitako eraikigarritasuna handitzea baimendu dute. Horren harira, EH Bilduk oharra plazaratu du: “Erabaki horrekin udal gobernua joera berri bat berresten ari da gure hirian. Gero eta eraikin gehiago bihurtzen ari dira apartamentu turistikoen bloke”.
EAEko Turismoaren legearen arabera, apartamentu turistikoak “ustiapen unitate enpresarialaren printzipioaren pean kudeatutako multzo independente gisa eskaintzen diren” eraikinak direla adierazi du EH Bilduk. “24 orduz irekita badaude, aparthotelak dira. Mediterraneoko kostan nahiko zabalduta dauden figurak dira, baina Donostian apartamentu turistikoen blokeak eta aparthotelak ia ez dira ikusi orain arte. Hemen historikoki hotel tradizionalak eta pentsioak ezarri dira eta, 2015etik aurrera, pisu turistikoak eta ostatuak”.
Udal taldeak datu bat nabarmendu du: “Azken astetan udal gobernuak 127 apartamentu turistiko berri ezartzeko baimena eman du hirian: Zubieta 3 (15), Arte Ederrak (84), Garibai 23 (11) eta Record (17). Eustaten arabera, azkenaldian turismo ostatuaren modalitate horrek gorakada handia izan du Gipuzkoan: 2016an 148 apartamentu turistiko bakarrik egotetik 2021eko irailean 618 apartamentu egotera igaro da”.
Horrez gain, duela gutxi udal gobernuak ez du baimendu Telefonicak Grosen zuen eraikin bat etxe turistikoen bloke bihurtzea. “Hori, ezbairik gabe, berri ona da, etenik ez duen lizentzia berrien uholde handi baten erdian. Izan ere, iragarpen hori hirigintzako zinegotziak egin zuen joan den osteguneko udal batzordean, baina, aldi berean, baimena ematen ari zitzaien Garibai 23ko jabeei eraikina apartamentu turistikoen bloke bihurtzeko. Gobernuak ez du argitzen zergatik ematen zaien lizentzia batzuei eta beste batzuei ez”, kritikatu du EH Bilduk.