Donostia Antzerki Sariko epaimahaikide izateko deialdia zabaldu da
Donostia Antzerki Saria euskarazko antzerki profesionala bultzatzeko eta indartzeko sortutako saria da. Urtero, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean antolatzen den ekitaldian, Donostian aurreko urtean euskaraz helduentzako eskaini den antzezlan onenari ematen zaio saria.
Epaimahaian ikusleen ordezkarientzako bi postu daude, eta udalak epaimahaikide horiek hautatzeko deialdia ireki du. Antolatzaileek zozketa bidez aukeratuko dituzte epaimahaiko kide horiek, eta Euskara Zerbitzuaren webgunean eman daiteke zozketan parte hartzeko izena abenduaren 23ra arte.
Epaimahaikideak hautatzeko zozketan hilaren 24an egingo dute, eta honako baldintza hauek bete beharko dituzten parte hartzaileek: 2022eko urtarrilaren 1erako 18 urteak beteta izatea, donostiarra izatea, euskaraz jakitea, antzerkia gustatzea eta parte hartuko duten ikuskizunetako autoreekin, konpainiekin eta aktoreekin inolako harremanik ez izatea.
Epaimahaiko kideek 2022. urte osoan zehar Donostia Kulturak eta Euskara Zerbitzuak antolatutako XXIII. Donostia Antzerki Sariko obra guztiak ikusi beharko dituzte. 2023. urtearen hasieran, gainerako epaimahaikideekin elkartuko dira, eta lan irabazlea hautatuko dute. Epaimahai izateak ere badu saria, 2022an ez ezik, 2023an ere Donostia Antzerki Saria dela eta, hirian eskaintzen diren helduentzako euskarazko antzezlan guztietarako bi sarrera jasoko baitituzte.