Mikel Albisu Gregorio Ordoñezen hilketarengatik inputatu dute
Espainiako Auzitegi Nazionalak Mikel Albisu preso donostiar ohia (1961) inputatu du, Gregorio Ordoñez Donostiako PPko burua hiltzeko erabakian ustez izandako erantzukizunarengatik. Dignidad y Justicia elkarteak ETA zenekoaren hainbat hilketaren “egile intelektualen” aurkako auzibideak irekitzeko eskatu du, tartean Albisuren aurkakoa. Horrela, Alejandro Abascal epaileak deklaratzera deitu du donostiarra, eta hilaren 21ean deklaratu beharko du. Bideokonferentzia bidez egingo du, Donostiako epaitegietatik.
Albisu espetxean egon zen 2019ra arte, ETArekin lotuta. 2004ko urriaren 3an atxilotu zuten, Saliesen (Biarno), eta 2010eko amaieran epaitu eta zigortu zuten. 2019ko urtarrilean atera zen kartzelatik, zigorra osorik beteta, eta Espainiaratu egin zuten. Madrilera heltzean, aske utzi zuten, Espainiako Estatuan ez zegoelako haren aurkako auzibiderik irekita. Ordutik, aske dago donostiarra.
ETAk 1995an hil zuen Gregorio Ordoñez PPko politikari eta Donostiako alkateordea, Parte Zaharrean. Espainiako Poliziaren arabera, 1992tik aurrera, ETAko zuzendaritzan sartu zen Albisu, eta Dignidad y Justicia elkartearen akusazioaren arabera, ETAren garaian garaiko buruak dira bere agintaldian egindako atentatu guztien erantzuleak.