Big Bob Railroad donostiarrek '1, 2, Swamp!' argitaratu dute, euren hirugarren lana
Hemen da Big Bob Railroad blues eta folk bikote donostiarraren hirugarren diskoa: 1,2, Swamp!. Lau abestiko EP bat da 1,2, Swamp!, eta taldearen hitzetan, “eremu zingiratsuetan” murgildu dira, “paisaia lokaztuak” aurkezten dituzten eta “melankoliaz” tindatuta dauden abesti “laiotz eta astunekin”. Taldekideek azaldu dutenez, konposaketa prozesua “kontzeptu bakar batean” oinarritu nahi izan dute lan berri honetan: “Mississippi Fred McDowell eta R. L. Burnsiden hill country bluesa eta Louisianako zingiren irudiak abiapuntutzat hartuz, paraje haien bakardadera garamatzate slide soinuen bitartez”. Diskoa Bandcamp atarian, Spotify plataforman eta Youtuben dago entzungai:
Aitor Ibarguren gitarra eta perkusio jotzaileak eta Josu Etxeberria perkusio jotzaile eta abeslariak 2016an sortutako taldea da Big Bob Railroad, eta Mississippi ibaiko (AEB) deltako blues estiloa jotzen du bikoteak, euskarazko euren ukitu propioa emanez. 2018an argitaratu zuten euren lehenengo diskoa, Session I, eta 2019an bigarrena, Session II. Berriki, Swamp!-en aurrerapen abestiaren bideoklipa argitaratu zuten: Denbora ez da gelditzen.
Unai De Andres arduratu da diskoaren grabaketaz eta produkzioaz, “ikuspuntu ilunago bat emanez taldearen soinuari dobro distortsionatu eta ahots urratuen bitartez”. Era berean, Nagore Etxabek parte hartu du, perkusio lanetan.