Donostian bi etxegabetze prozesu irekita daudela ohartarazi du Kaleratzeak Stop taldeak
Kaleratzeak Stop taldeak eta Azorako Maizterrek adierazi dute bi etxegabetze prozesu irekita daudela Donostian. Alejandra eta bere hiru seme-alabek familia gurasobakarra osatzen dute, eta martxoaren 3rako ezarri dute haien aurkako etxegabetze agindua, alokairua ez ordaintzeagatik. Alejandraren enpresa 2020ko martxoan itxi zuten, koronabirusa dela eta, eta ABEEan egon zen 2021eko abuztura arte, eta, gainera, berandu ordaindu zioten soldata. Hau dela eta, Alejandraren lau pertsonako familiak 800 eta 1.100 euroko diru sarrerak izan ditu soilik.
Egoera horretan, 2020/03/31 ELD legeak dioen bezala, Azora funts putreak %50eko barkazioa aplikatu behar zion Alejandrari, baina horren ordez luzamendua sinatu zuen. Hala ere, Alejandrak ezin zuen hori ordaindu, eta 2021eko martxoaren 17an beste akordio bat sinatu zuten, 8.669,47 euroko zorra 16 hilabetetan ordaintzeko. Horri, baina, alokairua gehitu behar zaio, eta 1.431 euro ordaindu behar ditu hilabetean, bataz beste hilean 1.000 euro irabazten dituen familiak. Azora funts putreak joan den azaroan bidali zion Alejandrari etxegabetze eskaera.
Bestalde, Azorako Maizterren zuzendaritza taldeko kide diren Iñaki eta bere emazteari ere etxegabetze agindua iritsi zaie, kontratu amaieragatik. Bi kasu hauez gain, prentsaurrekoan adierazi dute datozen hilabeteetan beste bost maizterri iritsiko zaizkiela etxegabetze aginduak, 2021eko abuztu eta azaro bitartean amaitu baitzaizkie kontratuak, eta ezin dute funts putreak ezarritako alokairuaren %33ko igoera ordaindu.
Kaleratzeak Stop taldeak eta Azorako Maizterrek adierazi dute etxegabetze hauek geratu egingo dituztela. Bestalde, eskerrak eman dizkiete hainbat hiritarri, elkarteri, antolakunderi eta EH Bilduri eta Elkarrekin Donostiari bi etxegabetze aginduak kentzea eskatu dutelako.