Merkatalgune handien irekiera eta zabalkunde berriak mugatzeko eskatu du EH Bilduk
EH Bilduk Udal Gobernuari eskatu dio hartu ditzala Donostian merkatalgune handien irekiera eta zabalkunde berriak mugatzeko neurriak. Aldi berean, auzoetako dendetako kontsumoa sustatzeko baliabide gehiago jartzeko eskatu du.
EH Bilduk EAJ-PSEk merkataritza-zentro handiei ematen dieten babes politiko eta teknikoa salatu du: “Babes horiez da konpentsatzen inola ere ez, Udal Gobernuak tokiko merkataritzari laguntzeko abian jartzen dituen kanpaina urriekin”. Gainera, kanpaina horiek, besteak beste, “merkataritza-gune handi horiek auzoetako dendetan sortzen dituzten galera ekonomiko eta sozialak konpentsatzeko” abian jartzen direla adierazi du.
Garbera merkataritza zentroaren irekiera ekitaldian, Lehen Alkateorde Nekane Arzallusek parte hartu zuela eta udal teknikariek proiektu honen sorreran egindako lana ere azpimarratu zuela gogorarazi dute. “Bestalde, eta Garberaren zabalpen honekin batera, hiriko beste eremu batzuetan ere horrelako gune gehiago irekitzeko asmoak bere horretan jarraitzen dute, hala nola, Belartzan”. “Irekiera edo zabalkuntza berri hau justifikatzeko behin baino gehiagotan entzun dugun argudio da bertako komertzio edo ostalaritzak ere lekua izango duela, baina bertatik pasatzea nahiko da ikusteko atzerriko multinazional kate handiak direla espazio berriko paisaian nagusi: McDonald ‘s, Foster ‘s Hollywood, Taco Bell edo Kentucky Fried Chicken.”
EH Bilduk emandako datuen arabera, Donostiak hamarkada batean komertzio txikiaren %22 galdu du, eta Garberaren eragina nabarmena izan den ekialdeko auzoetan portzentaia handiago da. “Donostia Sustapenak Garberaren zabalkundeak izango zuen eraginari buruz egindako txostenean, besteak beste, zera zion: irekiera honek 24 komertzio txikiren itxiera eta establezimendu hauetan 72 lanposturen galera eragingo zuela. Ahaztu gabe multinazional horietan sortzen den enpleguaren kalitate eskasa”.
Alderdiaren ustez, Udal Gobernuak tokiko merkataritza sustatzeko abiatutako kanpainak positiboak dira, baina ez dira nahikoak. “Agortutako eredu baten aurrean gaude, eta erabakiak hartzeko garaia da. Donostiarron ongizatea bermatzeko bizitzaren zerbitzura egongo den ekonomia bat behar dugu”, nabarmendu du EH Bilduk. “Auzo edo herri bizitza eta tokiko merkataritzaren osasuna loturik doaz”. Horregatik, mozio bat aurkeztu dute datorren asteleheneko osoko bilkuran eztabaidatzeko: “Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio Udal Gobernuari berehalakoan hartu ditzala Donostian merkatalgune handien irekiera eta zabalkunde berriak mugatzeko neurriak, beti ere kontsumo lokala, ekoizpen lokala eta banaketa lokala sustatzeko bitartekoak handitzearekin batera”.