Parte Zaharreko ostalari eta merkatariek hainbat jarduera antolatu dituzte Gabonetarako
Donostiako Udaleko Sustapen Ekonomikoko Zinegotzigoak, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak, San Sebastian Shopsek eta Zaharrean elkarteak Gabonetan Parte Zaharrean izango den jarduera agenda aurkeztu dute gaur goizean.
Jarduera horiek “Gu garena, Atik Zra” kanpainaren barruan kokatzen dira, hain zuzen ere, Parte Zaharreko bizitza ekonomiko eta soziala komunikatu eta dinamizatzeko kanpaina da. Finean, kanpainaren helburua Parte Zaharrari balioa ematea da. David Vega Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko ordezkariak nabarmendu du Alde Zaharreko kaleak dinamizatu eta apaintzeko ahalegina egin dutela ostalariek, merkatariek eta erakundeek. Bestalde, Mari Mar de Sosa Zaharrean merkatarien elkarteko ordezkariak Parte Zaharrera etortzeko gonbita egin nahi izan die herritarrei.
Hala, adin guztientzako jarduerak antolatu dituzte. Esaterako, abenduaren 22an kontzertu ibiltaria egingo du Orfeoi Txikiak eta hilaren 23an eta 30ean, Santa Cecilia abesbatzak. Haurrentzako berriz, hilaren 22an eta 23an Olentzerorentzako gutunak galtzagorriei emateko aukera izango dute, eta Musika Eskolako txistulari eta trikitilariekin kalejira egingo dute bitartean.
Bestalde, Gabonetako erosketak auzoko dendetan egiten dituztenei, egutegia eta “Atik Zra” kanpainaren leloa duen poltsak emango zaizkie. Era berean, auzoko erosketak errazteko, doako aparkalekuko tiketak ere oparituko dituzte, Bulebarreko aparkalekuan ordubetetik gorako egonaldietarako. Jarduera guztiak jasotzen dituen agenda webgunean dago ikusgai.
Azaroaren 17ra arte, Alde Zaharrari buruzko kontakizun lehiaketa martxan da. Ordura arte, herritarrek aukera izango dute beren istorioak eta bizipenak idatzi edo argazki, bideo eta abarretan bidaltzeko. aldezaharra@aldezaharradonostia.eus posta elektronikoaren bidez edo whatsapp bidez 623 46 55 13 telefonora. Parte- hartzaile guztien artean 10 afari zozketatuko dira bi lagunentzat, Alde Zaharreko jatetxeez gozatzeko.