Antton Troitiño Intxaurrondoko euskal preso ohia hil da
Kartzelan 30 urte baino gehiago eman zituen Antton Troitiñok, eta otsailaren 5ean baldintzapean aske utzi zuten. Eritasun larri eta sendaezin bat zuen, eta gaur eguerdian zendu da, 64 urterekin. Sortuk, Ernaik eta beste hainbat eragile eta antolakundek eman diote agurra, eta salatu dute “espetxe politikak” hil duela: “Larriki gaixo egonda ere, espetxean izan dute preso ia azken momentura arte”, adierazi du Sortu alderdiak.
Otsailaren 5etik “aske”
Joan den urtarrilaren 11n Espainiako Auzitegi Nazionalak hirugarren gradua eman zion Troitiñori, baina otsailaren 5ean eman zuen epaia, eta egun horretan atera zen kartzeletik. “Gaixotasun larri eta sendaezin bat” zuelako utzi zuten baldintzapean aske; izan ere, autoaren arabera, “neurri aringarrien bidez” baino ezin zen tratatu Troitiñok zuen gaixotasuna, eta “espetxean egoteak horiek zaildu” zitzakeela ebatzi zuen.
Madrilgo Estremerako kartzelan izan zen Troitiño azken urteetan. Guztira, 30 baino gehiago eman zituen espetxean. 1987an atxilotu zuten, eta 24 urtetik gora pasa zituen Huelvako espetxean. 2011. urtean atera zen, baina egun gutxira berriz atxilotu nahi izan zuten, Parot doktrina aplikatuta. Azkenean, Londresen atxilotu zuten, 2012an. Gerora, Intxaurrondokoaren aurkako Espainiaratze agindua eskatu zuten, eta 2017an Espainiara estraditatu zuten.