Donostia 2016ari begira jarri dira udal taldeak
Bost urte pasa dira Donostia Europako Kultur Hiriburu izan zenetik. Gaur egun udalbatza osatzen duten alderdi gehienek hurbiletik jarraitu zuten hautagaitzaren prozesua, izendapena eta urte seinalatua. Donostia 2016aren inguruko irakurketa egin dute EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Donostiak. Aldiz, PPk ez du parte hartu nahi izan.
«Donostiarentzat onuragarria izan zen Europako kultur hiriburutza»
Jon Insausti, Kultura zinegotzia eta EAJko bozeramailea
«Irakurtzen ez baduzu ez da ezer gertatzen, irakurtzen baduzu asko pasatzen da». Horrela zioen irakurri berri dudan Manuela Carmenaren La joven política liburuko orri markatzaileak. Esaldi horrek bete-betean egiten du bat 2016 urteak gurean eta gugan utzi zuen legatuarekin.
Hiriburutzaren urteak zuen zailtasun, baina, aldi berean, bertuteetako bat ekarpen ukiezinarena zen. Hau da, egitasmoak ez zion helburu bezala ekipamendu, eraikin edo makro proiektu baten eraikuntza bati erantzuten Europako beste hainbat hiriburuk egin zuten moduan. Donostian hiriburutzaren oinarria eta ekarpena bestelakoa zen. Hain zuzen ere, bizikidetzan sakontzeko helburuarekin gauzatu ziren hautagaitzaren eta 2016. urtearen bueltan egon ziren ekimenak. Are gehiago, Elkarbizitzarako Kultura izan zen urte horretako lelo nagusia. Helburu potoloa zen hautagaitzaren testuan jasota zegoena, baina, gizartean dauden askotariko begiradak batera jartzeko ariketa izan zen.
Egun irauten duten emaitza zoragarriak utzi zizkigun urteak: Emusik, Olatu Talka (egun Donostia Apain edo Basoka egitasmoekin), Tabakaleraren edukiaren parte handi bat, Other Words, Ikusmira Berriak, Antzerkigintza Berriak edo Chejov vs. Shakespeare.
Donostiarentzat onuragarria izan zen Europako kultur hiriburutza. Hiri hobea gara orain, edo horrela pentsatu nahi dut behintzat. Hainbat esparrutan geure konfort zonatik mugitzea, zirikatzea eta interpelatzea zuen helburu 2016ak. Hasierako esaldira itzuliz, Europako kultur hiriburutza ospatu izan ez balitz, ez zen ezer gertatuko. Baina ospatu zen, eta ondorioz, ekarpen eta etorkizunean iraungo duten ageriko emaitza positibo asko utzi zizkigun.
«Hiru alkatek gidatu zuten, hiru ikuspegi politiko kontrajarrirekin»
Zigor Etxeburua, EH Bilduko zinegotzia
Hiru alkatek gidatu zuten, hiru ikuspegi politiko kontrajarrirekin. Odon Elorzak hiriburutza probestu nahi zuen hiria marka komertzial gisa erakusteko: Belle Epoque berri bat Donostiarentzat, arazorik ez, eta turismoa eta aisia globala nagusi izango zituena.
Juan Karlos Izagirrek, ordea, egitasmoa eta kontraesanak bizkarrean hartu eta aurrera egin zuen, ikuspegi berritu bat emanda: bertakoa, euskalduna eta herrikoia. Olatu latzak izan zituen aurka, eta talka egin zuen kultur uniformatzaileekin, baita ere negozio aukerak galtzen ikusi zituzten botere guneekin.
Eneko Goiak gauzatu egin zuen, egitasmoaren hots handia bereganatzeko irrika biziz. Edonola, ez zuen herritarren artean irrikarik eragin, agian aurrekontuaren erdia ere ez zuelako erabili, edo Kortxoenea gaztetxea eraitsita eta Tabakalera inauguratuta, ezberdinen arteko elkarbizitzari uko egin eta kultur ereduen talka berrartu zuelako. Elixabete Garmendiak ondorengoa idatzi zuen 2016an: «Donostia bizikidetza derrigortu eta deserosoaren hiriburu bihurtu zen».
Donostia 2016aren legatua pattala da, Goiak ez baitio eutsi euskarazko kulturaren eta, oro har, kulturaren hedapena nabarmen indartzeko aukera zekarren txanpari. Hirian utzi dizkigu 45 hotel berri, herritarrak janaria banatzen kalean bizi direnei, eta Bidebietak zein Añorgak kultur etxerik gabe jarraitzen dute.
«Kultur hiriburutza hura dezepzio bat izan zen hiritar askorentzat»
Marisol Garmendia, PSE-EEko bozeramailea
Donostia kulturaren eta artearen hiriburua zen 2016a baino lehen. Eta izaten jarraitzen du ondoren ere, 2016aren ondoren. Kultur hiriburutza aukera galdu bat izan zen, behar bezala aprobetxatu ez zena.
Izendatu aurretik energia kultural asko aktibatu zuen egitasmo bat zegoen, eta proiektu asko abian jarri ziren. Baina ondoren ez ziren proiektu eta jarduera guztiak indartu. Horiek denek hirian harrera ona izan zuten eta ilusioa sortu zuten hiritarren artean. Horren adibide, Olatu Talka jaialdia. Era berean, aipatzekoa da Fernando Bernues eta Tanttaka konpainiak egindako Uda Gaueko Ametsa lanaren interpretazio zoragarria. Donostiarrok Kristinaenea parkean gozatu genuen.
Kultur hiriburutza hura dezepzio bat izan zen hiritar askorentzat. Nahia eta ezinaren arteko zerbait izan zelako, lan asko egin eta motorrak berotzen denbora asko pasa zelako. Azkenean, ez zuen behar besteko oihartzunik izan.
«Kulturan, oro har, ez da inbertitzen. Donostia 2016ak burbuila bat sortu zuen»
Aitzole Araneta, Elkarrekin Donostiaren bozeramailea
Donostia 2016 kultur hiriburutzaren helburua terrorismoa eta mota orotako bortizkerien ondorengo gizarte batean elkarbizitzaren agertoki horretan eragitea zen, kulturgintzatik abiatuta. Gauzak horrela, bi hausnarketa. Batetik, kulturan, oro har, ez da inbertitzen. Beraz, Donostia 2016ak burbuila bat sortu zuen. Bestetik, eraldaketa sozialak arnas luzeko kontua dira. Hiriburutza txinparta bat izan zen. Helburua anbizio handikoa zen, eta programa kulturala, denborak ematen duen distantziatik ikusiz, agian proiektu gehiegiz betea eragiten zuen eremu geografiko eta demografikorako.
Legatuari dagokionez, Donostia 2016an sortutako proiektu batzuk aurrera jarraitzen dute. Besteak beste, Komisario Berriak, Antzerkigintza Berriak eta Ikusmira Berriak proiektuak. Makusi Ubik Medialaben datu basea, 2016an egindako ekintzak eta proiektuak dokumentatzen dituena ere mantendu da. Halere, proiekturik esanguratsuenak ez dira berrartu, eta proiektua bere osotasunean azkar itxi zen. Legatuaren aztarna digitala ezabatu egin da: zaila da hiriburutzaz ezer askorik topatzea sarean, eta udalak eta patronatuko gainerako instituzioek ez dute online mantendu.
Hala ere, hiriburutzak ikasbideak utzi ditu. Kultur mihise aberastua daukagu, orduan hein batean hauspotua eta pandemiaren ondoren zauritua. Gainera, maila altuko profesionalak bildu zituen hiriburutzak, eta lan kultura propioa sortu zuten proiektuan eragina izan zuten joan-etorri politikoen ondorioz. Besteak beste, pertzepzioa ez zelako ona, eta orain profesional horietako gehienek kulturako hainbat alorretan lanean (meritu propioz) jarraitzen dute.