Urrezko hiru puntu jokoan euskal derbian
Realeko neskek Eibarren aurka jokatuko dute larunbat honetan, Debabarreneko herrian. Ligan inoiz baino hobeto daude donostiarrak, bigarren postuan baitaude, Bartzelonaren atzetik, eta Eibar hamabigarren da, jaitsiera postuetatik bost puntura. Dinamika bikainean dago murgilduta Reala: azken bost partidetatik lau irabazi eta bakarra berdindu du, Huelvako Sportingen aurka. Eibartarrek, berriz, azken bost partidetan puntu bakarra lortu dute, hau ere Huelvako Sportingen aurka.
Talde txuri-urdinak 28 puntu ditu, eta hiru puntuko aldea du hirugarren sailkatuarekiko, Atletico Madrilekiko, alegia. Sailkapeneko lehen hiru postuak dira Txapeldunen Ligarako txartela ematen dutenak: lehena zuzenean sailkatzen da taldekako faserako, eta bigarren eta hirugarrenak sailkapen fasera doaz, taldekako fasera pasa ahal izateko kanporaketak jokatzera. Urtez urte Bartzelona garaitezina dela erakusten ari da, eta aurtengo ligan inoiz baino gehiago; izan ere, oraindik ez du partidarik galdu, hamairu partidetatik denak irabazi ditu. Gainera, gol asko egiten ari da partidaro: hamairu partida hauetan 75 gol egin dituzte, eta lau bakarrik jaso.
Mutilen taldeak ligako dinamika txarra atzean utzi eta Txapeldunen Ligara sailkatzeko helburuari eusteko aukera bikaina du bihar Villarrealen aurka. Anoetara etorriko dira Castellókoak, hiru puntu lortzeko helburu garbiarekin; izan ere, Villarreal ere nahiko kaxkar dabil aurtengo ligan, nahiz eta Txapeldunen Ligan taldekako fasea gainditzea lortu duen. Otsailera arte bi taldeek ez dute Europako partidarik izango, eta ligan eta kopan kontzentratuko dira bi hilabete hauetan.
Realak bikain hasi zuen liga, baina azken bost partidetan lau puntu bakarrik lortu ditu, eta azken hiru partidak jarraian galdu ditu; hau dela eta, bosgarren postuan dira orain donostiarrak. Villarrealen egoera, baina, okerragoa da: hemeretzi puntu bakarrik lortu dituzte liga honetan, eta hamairugarren postuan daude, Europako postuetatik urrun eta jaitsierakoetatik gertu. Hala ere, azken partida 2-0 irabazi zuten Rayo Vallecanoren aurka, eta horrek indarra emango die txuri-urdinen aurka aritzeko.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskek Puigcerdaren aurka jokatuko dute Donostian, larunbatean. Partidarik galdu gabe jarraitzen dute donostiarrek, eta bigarren sailkatuari puntu gehiago ateratzeko aukera bikaina dute. 30 puntu ditu Txuri-Urdinek, eta 21 Majadahondak, nahiz eta madrildarrek bi partida gutxiago jokatu dituzten. Donostiarrak matematikoki lortu dute playoff-etarako pasea, eta bertan erabakiko da ligaren txapelduna. Duela gutxi Txuri-Urdineko Oihana Zaldua elkarrizketatu genuen IRUTXULOKO HITZAn, eta liderraren rola izatea zaila dela adierazi zuen, besteak beste.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek garaipenaren bidetik jarraitu nahi du, eta sailkapeneko laugarrenaren etxean, Cadi La Seuren etxean, jokatuko du beste garaipen bat zakuratzeko. Azken hiru partidak jarraian irabazi dituzte donostiarrek, eta hamargarren postutik seigarrenera egin dute jauzi. Sailkapen postuetan daude orain, baina puntu bakarreko aldea dute bederatzigarrenarekiko.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 14. jardunaldia
- Eibar – Reala (larunbata, 11:30)
Gizonezkoen lehen maila, 18. jardunaldia
- Reala – Villarreal (larunbata, 16:15)
Izotz Hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 11. jardunaldia
- Txuri Urdin – Puigcerdá (larunbata, 21:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 13. jardunaldia
- Cadí la Seu – Ibaeta Basket (larunbata, 19:30)