2022ko udal aurrekontuak 2021ekoak baino %6,21 handiagoak izango dira
Donostiako Udalak 2022 urteko aurrekontuak onartu berri ditu, eta 2021 urtekoak baino %6,21 handiagoak izango dira: guztira 424,8 milioi euro. Ogasun eta Finantza zinegotziak, Jaime Dominguez-Macayak adierazi du aurrekontu hauen helburu nagusia behar gehien dituzten pertsonek udal administrazioaren erantzun hobea izatea eta haiei baliabide gehiago bideratzea dela; horren ostean, zinegotziak kargua utzi du, eta hemendik aurrera Kontu Publikoen Euskal Auzitegiaren bokala izango da.
Zinegotzi ohiak adierazi du 2022ko aurrekontuetan osasun larrialdiaren eraginez udalaren menpeko erakunde eta elkarteek jasandako kalteak arintzeko 10 milioi euro gehiago egongo direla. Hala, Udalak zerga eta tasa orokorretatik jasotako 89 milioi euro bideratuko dituzte “erakunde eta elkarteetara, donostiarrek jasotzen dituzten kalitate handiko zerbitzuak mantendu ahal izateko”. Hiriko hainbat auzotan jarduerak egiteko aurrekontua 54,4 milioi eurokoa izango da.
Bestalde, Europako funtsetatik udalak 2022an diru gehiago jasoko duela dio zinegotzi ohiak, eta gehitu du aurrekontuak diru gehigarri horretarako prestatuta daudela, funts horiek jaso eta erabili ahal izateko.
Udal gobernuak onartu ditu aurrekontuak, eta oposizioko alderdiekin hainbat emendakin negoziatu eta itxi dituzte: hamazazpi PPrekin, bost Elkarrekin Podemosekin, eta bi EH Bildurekin. Akordio hauek guztira 1,4 milioi euroko kostua izango dute. Goizeko 11:00etatik aurrera udal langileek osoko bilkuran sartu dira, lan baldintza duinen alde.