Amaitu da Munduko Txapelketa Bera Berako jokalarientzat
Guztira Bera Berako bost jokalarik hartu dute parte amaitu berri den Munduko Eskubaloi Txapelketan, eta entrenatzailea, Imanol Alvarez, Espainiako Selekzioko bigarren entrenatzailea izan da. Emaitza onena lortu dutenak Espainiako Selekzioarekin jokatu dutenak izan dira, laugarren geratu baitira, brontzezko domina erabakitzeko partidan Danimarkaren aurka galdu ostean. Semifinaletan Norvegiaren aurka aritu ziren, eta ez zuten finalera igarotzerik lortu; Norvegia izan da txapelduna, bigarren zatian Frantzia txikitu ostean. Eli Cesareok, Maitane Etxeberriak eta Laura Hernandezek jokatu dute Espainiako Selekzioarekin.
Mariane Fernandes eta Malena Calvo izan dira Munduko Txapelketan aritu diren Bera Berako beste bi jokalariak, Brasilekin eta Argentinarekin, hurrenez hurren. Brasildarrak seigarren geratu dira txapelketan, eta argentinarrak, berriz, 21. postuan sailkatu dira.
Munduko Txapelketaren ostean, ia hilabeteko atsedenaldia izango dute, ligako partidak urtarrilaren 16an itzuliko baitira. Sailkapeneko lehen postuan dago Bera Bera, partida bakarra galduta, eta Lanzaroteren aurka jokatuko du lehen partida talde donostiarrak Kanariar Uharteetan.