Burua altxa ezinik dabil Reala
Bolada txarrean zebiltzan Realeko mutilak ligan, eta joan den larunbateko partida ez zuten aprobetxatu bolada horrekin amaitzeko. 1-3 galdu zuten Anoetan Villarrealen aurka, eta Txapeldunen Ligako sailkapen postuetatik pixkanaka urruntzen ari dira txuri-urdinak. Alexander Isakek ireki zuen markagailua, baina Gerard Morenok berehala berdindu zuen. Morenok berak eman zion Villarreali abantaila, eta azken minutuetan Samu Chukwuezek 1-3koa jarri zuen.
Emaitza honekin, lau dira jarraian galdu dituzten partidak, eta azken bost partidetan puntu bakarra lortu dute Imanol Alguacilen mutilek. Hala ere, postu ona mantentzen jarraitzen du, liga hasiera bikaina dela eta. Bestalde, hiru txapelketetan bizirik jarraitzen du Realak, baina datorren denboraldian Europan jokatu ahal izateko emaitza onak berehala behar dituzte donostiarrek.
Realeko neskek Eibarren aurkako derbitik hiru puntu eskuratu zituzten, 2-3 irabazita. Eibartarrek hartu zuten aurrea seigarren minutuan, Aida Esteveren gol bati esker, baina txuri-urdinek berehala berdindu zuten norgehiagoka, Gabriela Garciaren eskutik. Eibartarrak berriro jarri ziren aurretik, Arola Apariciok baloia sareratu baitzuen, baina donostiarrek beste behin berdintzea lortu zuten, Amaiur Sarriegiri esker. Bigarren zatian, Uria Gabilondok 2-3koa sartu zuen, eta horrela amaitu zen partida.
Natalia Arroyoren taldeak bigarren jarraitzen du, eta Atletico Madrilekiko hiru puntuko aldea du. Izatez, sei puntuko aldea eduki behar luke talde txuri-urdinak, baina ligak hiru puntu kendu zizkion Realari, protesta bat dela eta. Talde donostiarra sendotasuna eta jarraikortasuna erakusten ari da, eta Atletico Madrilek gogor borrokatu beharko du txuri-urdinei postua kentzeko.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskek irabazi egin zuten berriro: liga osoan ez dute partidarik galdu. 1-0, 4-0 eta 0-1 geratu ziren Puigcerdaren aurka, 5-1 guztira. Playoffetarako sailkapena ziurtatuta dute donostiarrek, eta urtarrilera arte ez dute partidarik.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek partida zaila izan zuen Katalunian, Cadi La Seuren aurka; partida oso parekatua izan zen, eta lau zatien amaieran 51-51 berdinduta zeuden. Hau dela eta, luzapenera joan ziren, eta etxekoek irabazi zuten, 60-57. Hala, donostiarrek ez dute bi puntu zakuratzea lortu, baina playoff postuetan sailkatuta jarraitzen dute, bostgarren postuan.
EMAITZAK
Futbola
Gizonezkoen lehen maila, 18. jardunaldia
- Reala 1 – Villarreal 3
Emakumezkoen lehen maila, 14. jardunaldia
- Eibar 2 – Reala 3
Izotz Hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 11. jardunaldia
- Txuri Urdin 5 – Puigcerda 1
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 13. jardunaldia
- Cadi la Seu 60 – Ibaeta Basket 57 (luzapen ostean)