Antton Troitiño "kartzela sistema ankerrak hildako azkena" izan dadila aldarrikatu dute
Joan den ostiralean hil zen Antton Troitiño euskal preso ohia, gaixotasun larri eta sendaezin batek jota. 30 urte baino gehiago eman zituen kartzelan, eta bere heriotza salatzeko manifestazioa egin zuten atzo Donostiako kaleetan, Sare Herritarrak deituta. Antton Troitiñoren gertukoek adierazi dute gaixotasuna oso aurreratuta zegoen arte ez zutela baldintzapean aske utzi, eta kartzelak gaixotasuna “areagotu” ziola gehitu dute, espetxeko baldintzak egokiak ez zirelako.
Deitzaieek adierazi dute “kartzela sistema anker” baten ondorioz hil dela, eta azkena izan dadila aldarrikatu dute.
Manifestazioa Donostiako kaleetan zehar Antton Troitiñoren heriotza salatu eta azkena izan dadila aldarrikatzeko. Larriki gaixo diren presoak etxean egon behar dute, gaixotasuna behar bezala artatzeko, ez heriotza ate joka dutenean. #bidea pic.twitter.com/W8slJTL9pl
— Sare #IzanBidea ↗️ (@sare_herritarra) December 20, 2021
Otsailaren 5etik “aske”
Joan den urtarrilaren 11n Espainiako Auzitegi Nazionalak hirugarren gradua eman zion Troitiñori, baina otsailaren 5ean eman zuen epaia, eta egun horretan atera zen kartzeletik. “Gaixotasun larri eta sendaezin bat” zuelako utzi zuten baldintzapean aske; izan ere, autoaren arabera, “neurri aringarrien bidez” baino ezin zen tratatu Troitiñok zuen gaixotasuna, eta “espetxean egoteak horiek zaildu” zitzakeela ebatzi zuen.
Madrilgo Estremerako kartzelan izan zen Troitiño azken urteetan. Guztira, 30 baino gehiago eman zituen espetxean. 1987an atxilotu zuten, eta 24 urtetik gora pasa zituen Huelvako espetxean. 2011. urtean atera zen, baina egun gutxira berriz atxilotu nahi izan zuten, Parot doktrina aplikatuta. Azkenean, Londresen atxilotu zuten, 2012an. Gerora, Intxaurrondokoaren aurkako Espainiaratze agindua eskatu zuten, eta 2017an Espainiara estraditatu zuten.