Bretxako Arrandegi eraikineko lanen 1.2 fasea egiteko proiektua onartu dute
Bretxako Arrandegi eraikineko elementu komunen 1.2 fasea egikaritzeko proiektua baimentzea onartu du gaur Tokiko Gobernu Batzordeak, eta aurrekontua 9.256.487 eurokoa izango da. Hala ere, dena ez du Donostiako Udalak ordainduko. Hain zuzen ere, 3.870.890 euro ordainduko ditu udalak, obra zehatz batzuetara bideratuko direnak, hala nola: eremu komunak gaitzeko obrak, barruko lokalen mugaketa eta instalazio orokorrak egitea. Gainerako 5.385.596 euroak, beraz, ez ditu udalak ordainduko.
Eneko Goia alkatearen arabera, proiektu hau onartu izana “gertaera garrantzitsua” da, Parte Zaharrerako garrantzia handiko proiektu bat gauzatzeko lanak aurreratzeko lagunduko baitu: “Eraikina etorkizuneko erabileretara egokitzeko behin betiko urratsa da, hala nola merkatu tradizionaleko postuak kokatzeko, euskal gastronomia eta tokiko produktuak sustatuko dituen fundazio baterako gune bat prestatzeko, Erdialdeko eta Alde Zaharreko Osasun Zentro berria hartzeko, eta kiroldegi publiko estali bat sortzeko”.
Beraz, baimena eman dute lanak hasteko, eta hamabost hilabeteko epea izango dute hauek egiteko. Eraikinaren barrualdea eraitsi zuten jada, eta fatxada inguratzaileak eta estalkia egokitzeko lanak egiten ari dira orain.